- Koronabirusak eta birus hori eragiten ari den munduko pandemiak emozio komuna sortzea lortu dute herritar guztientzat; berdin dio Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako herritarrak diren, emozioak berdinak baitira Euskal Autonomia Erkidego osoan: beldurra. Eusko Jaurlaritzak egin eta argitaratu duen Pandemiari buruzko herritarren pertzepzioak txostenaren arabera, pandemiaren bilakaera negatiboaren aurrean beldurra sentitzen dute euskaldunek.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak hil honetan bertan argitaratutako txostenak Euskadiko biztanleek koronabirusaren pandemiari buruz dituzten pertzepzioak eta jarrerak izan ditu ardatz. Ondorio nagusi eta nabarmenetako bat da herritarrek pandemia horren aurrean sentitzen duten beldurra edota kezka orokorra. Birusaren bilakaera txarraren beldur dira, senide bat gaixotuko ote den beldur dira, baina, paradoxa badirudi ere, elkarrizketatuak ez dira gaixotzeko beldur, "ezinezkoa" iruditzen baitzaie. Hau da, zaila ikusten dute birusaren transmisioa. Horrela, eta beldur horri zenbakiak jarriz, herritarren %89 "oso edo nahiko" kezkatuta dago koronabirusaren bilakaeraz. Hala ere, gutxiago dira gaixotzeko oso edo nahiko kezkatuta dauden pertsonak, kopuru horiek %78raino jaisten dira beren inguruko beste pertsona batzuk gaixotu daitezkeelako kezkatzen direnak baino. Kasu honetan, %93raino igotzen da kezka.
Ondorio ekonomikoei dagokienez, %43k diote oso kezkatuta daudela krisiak bere familiaren egoera ekonomikoan izan ditzakeen ondorioengatik eta beste %35 nahiko kezkatuta. Handiagoa da kezka krisiak Euskadiko ekonomian izan ditzakeen ondorioengatik: %58 oso kezkatuta daude eta %37 nahikoa. Ildo horretatik jarraituz, kezka gutxixeago sortarazten dute pandemiak seme-alaben eskolatzean izan ditzakeen ondorioek (%44 eta %33 asko edo nahikoa, hurrenez hurren), buruko osasunean edo osasun emozionalean izan ditzakeen eraginek (%36 eta %38) eta etxeko familia-kontziliaziorako ekar ditzakeenek (%27 eta %28). "Inkestatuei galdetu zaie zerk kezkatzen dituen gehiago, osasunaren gaineko ondorioek ala ekonomia eta enpleguaren gainekoek; %60k esan dute osasunaren gaineko ondorioek kezkatzen dituztela gehiago eta %17k ekonomia eta enpleguaren gainekoek. %23k espontaneoki diote biek berdin kezkatzen dituztela, nahiz eta erantzun aukera hori ez zitzaien eman", azaldu dute txostenean.
Etorkizunari dagokionez, inkesta erantzun duten gehienek uste dute okerrena oraindik ez dela gertatu, nahiz eta zenbait herritar baikorragoak ere badauden okerrena dagoeneko pasatu dela ziurtatzen dutenak. Horrela, herritarren %14k uste dute pandemiaren okerrena pasa dela, %34k okerrena pasatzen ari garela eta %45ek okerra iristear dagoela. "EAEko herritarrek batez beste 6,1 punturekin baloratzen dute euren egoera emozionala, 0tik 10erako eskalan, 0ak esan nahi duelarik guztiz lur jota daudela eta 10ak guztiz animatuta daudela.
Txosten horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak ere interesa izan du herritarrek Osakidetzak ematen dien zerbitzuari buruz duten iritzia: Osakidetza behar bezala artatzen ari dela sentitzen ote duten edo euskal osasun-sistema beste erkidegoetako osasun-sistema baino hobeto erantzuten ari ote den, adibidez. Alde horretatik, azpimarratu behar da Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen Osasun Sailak herritar asko babesten eta ondo artatzen dituela, herritarren ustez behintzat. Zehazki, herritarren %74k zazpi eta hamar puntu arteko balorazioa eman diote Osakidetza Covid-19a duten gaixoei ematen ari zaien arretari; batez beste 7,6 puntu eman diote. Bestalde, herritarren %46k uste dute euskal osasun sistema pandemiari ematen ari den erantzuna beste autonomia erkidego batzuetakoa baino hobea dela, %41ek berdina dela, eta bakarrik %2k okerragoa dela. Honekin jarraituz, Osasun agintarien informazio eta gomendioen argitasunari dagokionez, herritarren %40k zazpi eta hamar puntu artean eman diote. Horregatik guztiagatik, eta txosten beraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %75ek krisi honetan Eusko Jaurlaritzaren jarduera onartzen du, 10etik 5,7ko batez besteko balorazioarekin. "Espainiako Gobernuaren jarduerari 4,4 puntu eman diote eta Europar Batasunarenari 4,9 puntu", gaineratu dute Eusko Jaurlaritzatik herritarren balorazio maila jakinarazteko helburuarekin.
Txostena. Eusko Jaurlaritzak hil honetan bertan argitaratutako txostenak Euskadiko biztanleek koronabirusaren pandemiari buruz dituzten pertzepzioak eta jarrerak izan ditu ardatz. Ondorio nagusi eta nabarmenetako bat da herritarrek pandemia horren aurrean sentitzen duten beldurra edota kezka orokorra.
Egoera. Inkesta erantzun duten gehienek uste dute okerrena oraindik ez dela gertatu, nahiz eta zenbait herritar baikorragoak ere badauden okerrena dagoeneko pasatu dela ziurtatzen dutenak.
Balorazio ona. Herritarren %61ek uste dute gehiengoa gizalegez eta elkartasunez jokatzen ari dela pandemiaren kontrako neurrien aurrean, aldiz beste %34k uste dute ezetz. Gainera, "herritarren %40ren ustez, pandemiaren egungo bilakaeraren aurrean, neurri murriztaileagoak hartu beharko lirateke, %24ren ustez egungo neurriak egokiak dira eta %28ren ustez orain arte hartutako neurrien aldean ezberdinak hartu beharko lirateke. %2k bakarrik uste dute neurriak ez liratekeela orain bezain murriztaileak izan behar", adierazten dute txostenean. Iritzi zatiketa handia dago berriro etxeko konfinamendua ezartzeko aukerari buruz: %45ek diote ezarri beharko litzatekela eta %52ek ezetz.
"Herritarrek batez beste 6,1 punturekin baloratzen dute euren egoera emozionala"
"Espainiako Gobernuaren jarduerari 4,4 puntu eman diote herritarrek"