- Haien ilusioak mugiarazten gaitu kanpainak helburu argia eta sendoa du: Herriko merkataritzari laguntzea, Gabonetako kanpaina honetan familia gasteiztarrek auzoko dendetan eros dezaten, eta ez online saltoki handietan. Gasteiz On merkatarien elkarteak sustatutako kanpaina da, baina Gasteizko Udalaren babesa ere badu. Izan ere, atzo hainbat politikari elkartu ziren ekimena gizarteari aurkezteko, besteak beste, Igor Salazar Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzia, Felipe Garcia Arabako Foru Aldundiko Merkataritza zuzendaria, Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendaria eta Diego Martinez de San Vicente Gasteiz On Fundazioko presidentea.

Haien ilusioak mugiarazten gaitu lema ona da, pandemian ere bizirik mantendu behar baititugu ilusioa eta itxaropena. Kanpaina honek sektorea dinamizatzeko balio izango duelakoan gaude. Eguberrietan bertako saltegietan erostera gonbidatzen ditugu gasteiztarrak” adierazi zuen Igor Salazarrek. Eguberrietako kanpaina asteburu honetan hasiko da, Andre Maria Zuriaren plazan argi-bola handia eta Arka plazan argi-zuhaitz bat pizterekin batera. Segurtasun protokoloa sortu dute; “bolaren barruan lau pertsona egon ahalko dira gehienez, perimetroan hesiak jarriko dira eta distantziak adierazteko markak lurrea”, jakitera eman zuten. Gasteiz Onek etxolak izango ditu hiriko bi plaza horietan, eta hiriko saltegietako 20 eurotik gorako erosketa-tiketak erakutsiz gero, opariak eskuratzeko aukera izango da. Halaber, opariak modu iraunkorrean biltzeko eta kontsignan erosketak gordetzeko aukera emango du doan. Kanpainaren indargunea Argiztatu egiten duten ideiak katalogoa da; bertako 158 saltokien 220 proposamen dira, eta www.suilusion.eus webgunean eta sare sozialetan kontsultatu ahalko dira. “Sustapen-produktuak ere egingo dira. Horien artean nabarmen daiteke parte hartzen duten saltokiek poltsa zuriak eta pinturak emango dituztela, txikienek eguberrietako ilusiorik handiena marraz dezaten etxean. Marrazkiaren argazkia Instagramen -hastag #SuIlusiónNosUne hastag, @gasteizon ere aipatu behar da-jartzen duten guztien artean 50 euroko 10 txartel zozketatuko dira Gasteizko saltokietan erabiltzeko”.

220

Kanpainaren indargunea Argiztatu egiten duten ideiak katalogoa da; bertako 158 saltokien 220 proposamen dira, eta www.suilusion.eus webgunean eta sare sozialetan kontsultatu ahalko dira.

Hausnarketa. Araba Dendak elkarteak Gabonetako kartel bat diseinatu du aurten, herritarrei hausnarketa eragiteko. “Aurten gabonetan, zure oparirik onena auzoan dago” lelopean, herritarrak kontzientziatu nahi dituzte auzoko saltokiek behar duten babesaz.

Establezimenduak. “Herritarrei gogoeta eginaraztea da helburua, gure hurbileko establezimenduetan kontsumitzeaz ahaztu ez daitezen”, azaldu dute. Erakusleihoetan jarri nahi duten merkatarientzat bulegoan (Gorbeia kalea, 26) jaso daiteke, astelehenetik ostiralera, goizeko ordutegian. Pandemia hasi zenetik, ez da auzoko dendek herritarrei laguntza eskatzen dieten lehen aldia. Orain, gasteiztarrek auzoko dendei bultzada bat emateko eskatu dute, eta Gabonetan, online denda handietara joan beharrik gabe erosteko.