txealdian GEU elkarteak moldatu eta birformulatu behar izan zituen bere ekintzak egiteko joera, eta garai horretan ere diru-bilketa kanpaina bat jarri zuen abian. Hala gogoratu du elkarteko koordinatzailea den Azaitz Unanuek, DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin izandako elkarrizketa batean.
“Ikusi genuen urtea nola zetorren eta kontuan hartu behar da azkenean GEU elkartea dela euskararen sustapenean diarduen elkarte bat. Gure lan gehiena oso soziala da”, gogoratzen du. Euskararen sustapena, azken finean, “erabilera da, harremana, parte-hartzea, eta gainera hainbat eta hainbat alorretan; adibidez, mintzalaguna bezalako ekintzetan, edo familia edo txikitxoen aisialdian”. Azkenean, egiten dituzten ekintza gehienak aurrez aurrekoak dira, eta “gertatu zitzaiguna izan zen horietako asko bertan behera geratu zirela, eta batzuk -erakundeekin adostutako programak, adibidez- suposatu zuten diru-sarrera gutxiago edukitzea”, aipatu du Azaitzek.
Egiten duten beste ekintza “nabarmen” bat Aihotz plazako txosnak kudeatzea da. “Diru-sarrera horrek laguntzen du programei ez lotutako egunerokotasuna aurrera eraman ahal izateko”. Haien egoera finantzieroak, beraz, behera egin zuen, eta horregatik diru-bilketa kanpaina hau abian jartzea erabaki zuten. “Txosnari lotutako inguru batean izan zen, hortik zihoan gidoia; eta oso pozik gaude, ez soilik ikuspuntu ekonomikotik, parte hartu zuen jendearen dibertsitateagatik ere”. Hausnarketarekin jarraitu zuten hori eta gero; eta eremu digitalean ikusi zuten badagoela euskara eskatzen duen sektore bat, eta “horretara moldatzen joan ginen”. Horrek ere, haien irudia eta webgunea berritzeko bultzada eman zien. “Orain egoera horretan gaude, eta ilusioz aurkezten dugu gure etapa berria”.
Irudi freskoagoa dela diote gainera, eremu digitalera hobeto moldatzen dena, eta irisgarriagoa eta erabilgarriagoa da orrialdea (https://geuelkartea.eus/“Aurrekoak bazituen urte batzuk, eta hau garai berrietara moldatu da”, gogoratu du. Ikusi dute, halaber, askotan euskara bigarren maila batera pasatu dela pandemia dela eta. “Euskalgintzak egin du hausnarketa eta hau plazaratu du. Kontseiluaren bitartez, erakundeek ere uste dut kontuan hartu dutela. Euskara bezalako hizkuntza ez normalizatuek garrantzia daukate distantzia txikietan egiten diren harreman horietan; zaintzari buruz hitz egiten dugunean, edo gaixotasunari buruz, askotan euskarak eramaten gaitu eremu intimo horretara. Euskara baliatu dezakegu kohesioa bilatzeko eta elkar zaintzeko tresna bezala”.
Indarrarekin ekin zioten ikasturteari GEU-koek, baina egoerak hasiera hau ere baldintzatu egin zuen. Urriaren hasieran GEU elkartekoek DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin hitz egin zuten jada, eta elkarrizketa horretan adierazi zuten aldaketak egin behar izan zituztela haien agendan, baita eskaintzen zituzten jarduerak antolatzeko eran ere; eta joera horrekin jarraituko dute, une bakoitzean ematen diren neurriak bete behar dituztelako, eta horietara moldatu.
Beste alde batetik, Gasteizko Euskaraldiko koordinatzailea den Josu Pedruzok dio “aurtengo Gasteizko Euskaraldia oso zaila izaten ari dela, baina momentura arte lortutakoari balioa eman behar diogu. Auzo batzorde ezberdinek kaleko lanketari eutsi diote, haien arteko sinergiak sortuz eta proiektua gizarteratuz”, azaltzen du. Beste alde batetik, euskalgintzako eragileek, kasu honetan GEU elkartea, proiektuaren kudeatzaile bezala, haien aletxoa gehitu dute eta azkenik, erakunde publiko zein pribatuen babes ekonomikoa “ezinbestekoa” izan da (Gasteizko Udala eta Vital Fundazioa). “Alor kuantitatiboak baino, kualitatiboak azaleratzea komeni zaigu, egungo egoeraren aurrean lortutako erantzunagatik. Euskaraldia bezalako proiektuak euskarari indarra eta lekua ematen diote eta hauen inguruan dabiltzaten herritar eta eragile orok eskainitako denbora eta pasioa biziki garrantzitsuak dira aurrera jarraitzeko”, adierazi du amaitzeko.
“GEU elkarteak aurrera eramaten duen lan gehiena oso soziala da, mintzalaguna, etab.”
“Euskara erabilera da, parte-hartzea, harremana, eta gainera hainbat eta hainbat alorretan”
Geu Elkarteko koordinatzailea