- “2020ko urrian, Errekaleor Bizirik! proiektuak 7 urte betetzen dituen honetan, hainbat hitzaldi eta ekintza antolatu ditugu urteurrena ospatzeko. Horietariko 2 Gasteizko Aldabe gizarte etxean antolatu genituen Harrizko Eguzkilore elkartearekin batera. Pasa den ostiralean, urriaren 9an, lehenengo hitzaldirako 4 egunen faltan, Urtaranen gobernuak erabaki politiko bat helarazi zigun; espazio horretan hitzaldi horiek egiteko debekua”. Hitz horiekin, Errekaleor Bizirik elkarteak salatu du Udalak “okupazioaren mugimenduaren aurka” erabaki hori hartu duela. “Hedabideek eta alderdi politikoek eztabaidaren zentroan jarri dute okupazioaren auzia, jendartea berri sentsazionalistekin posizionarazi asmoz. EAJ-k, PP-k, C´s-ek, PDeCAT eta VOX-ek okupazioaren inguruko hainbat legeren erreforma bultzatu edota defendatu dituzte, zigorrak gogortuz eta kaleratze prozesuak bizkortuz”. “Era ezberdinetan gorpuzten ari diren zentsura, eraso eta mehatxu hauek salatu nahi ditugu”.