- Enpleguaren alorrean, kontratazioa sustatzeko programa indartu du aurten Arabako Foru Aldundiak, aurreko hilabeteetan galdu diren lanpostuak berreskuratzen laguntzeko. “Aurreko ekitaldietan indarrean egon zen programa horren zuzkidura ekonomikoa hirukoiztu dugu, eta milioi bat euro baliatuko ditugu langabezian dauden arabarren laneratzea sustatzeko”, gogoratu zuen ekainean Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren saileko foru diputatua den Cristina Gonzalezek.

Enpresek oraindik denbora daukate izena emateko, azaroaren 2ra arte (https://web.araba.eus/es/-/ayudas-fomento-contratacion-alava web orrialdean daude informazioa eta bete beharreko baldintza guztiak). Bereziki emakumeen kontratazioa sustatzen du programak, “langabeziaren arazoa neurri handiagoan pairatzen baitute”, eta edizio honetako berrikuntza gisa, 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzea ere hobetsi da. Programa hori, Lanbideren partaidetza duena, kontratazio mugagabea sustatzen ari da 2017tik, 200 enplegu egonkor inguru finkatuta, gogoratzen du aldundiak.

Programa horren onuradunak dira gainera enpresa txiki eta ertainak (ETEak), autonomoak eta Araban zerga egoitza eta lantokiak dituzten irabazteko xederik gabeko elkarteak eta erakundeak. Laguntzen zenbatekoa 6.000 eta 7.000 eurokoa da gizonei eta emakumeei dagokien kontratu mugagabe bakoitzeko, hurrenez hurren. Zenbateko horiek 1.000 eurotan handitzen dira kontratatutako pertsonak 45 urtetik gorakoak badira.

Aldi baterako kontratuen kasuan, berriz, laguntzen zenbatekoa 300 eta 400 eurokoa da gizonen eta emakumeen kontratupeko hilabete bakoitzeko, hurrenez hurren, eta hilean 50 euro gehiago 45 urtetik gorakoentzat. “Ez dira diruz lagunduko langilea aldi baterako enplegu erregulazioko espediente egoeran egon den aldiak”, aurreratu du erakundeak, horren harira.