ovid-19ak eragin "larria" izan du ekonomian eta enpleguan Araban eta mundu osoan. Osasun krisia piztu zenean lurraldean enplegu anezkak abian zeuden oraindik (Gasteizen eta Laudion), kurtsoaren azken etapan gainera, eta bere ondorioak pairatu zituzten anezketan parte hartu zuten pertsonek.
Arabako Foru Aldundiak DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin izandako elkarrizketan, aurreratu du, horren harira, aurten hauek mantentzeko "apustua" eta "esfortzua" egin dutela, "osasun krisiak krisi ekonomiko larria dakarrelako eta ekonomia sustatzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dugulako".
Horregatik, aurten enplegu politiketara bideratutako aurrekontuak hirukoiztu egin dira 2019koekin alderatuz kontratazioa sustatzeko programari dagokionez, "era horretan covid-19ak sortutako krisiari aurre egiteko". Izan ere, kontratazioa sustatzeko programa hau indartu du aurten Arabako Foru Aldundiak, aurreko hilabeteetan galdu diren lanpostuak berreskuratzen laguntzeko.
Ekainean jada, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren saileko foru diputatua den Cristina Gonzalezek aurreratu zuen sailak enplegu anezken proiektuarekin jarraituko zuela, "oso emaitza onak eman baitzituen aurreko legegintzaldian; izan ere batez besteko laneratze tasa %60koa izan zen".
Aurten, eta egoera kontuan izanda, proiektua osasun krisiak eragindako egoerara eta lan merkatuaren egungo beharretara egokituko dutela aurreratu du Arabako Foru Aldundiak, aurtengoa ezohiko urte bat baita alor guztietan.
Zentzu horretan, aldundiak aurreratu du, beti bezala, Santa Maria la Real fundazioarekin batera antolatuko dituztela anezkak. Oraindik ez dituzte datak aurreratu, baina neurri bereziak hartuko direla adierazi dute jada. Zehazki, Santa Maria la Real fundazioak aldaketak egin ditu metodologian, online metodoa ezarriz.
Metodologia konbinatu baten aldeko apustua egin dute aurten. Alde batetik, online saioak ospatuko dira, eta bestetik aurrez aurrekoak. Pasa den urtean astero hiru saio ematen ziren taldeka, eta aurten daukaten ideia da aurrez aurreko ekitaldi batekin eta bi onlinekin hastea. Une oro gainera egoera pandemiara egokituko dute. "Egoera okertzen bada, online metodoa guztiz aplikatzeko aukera dago".
Guztiz online ospatzen diren anezken aurrekaria daukate jada, azken finean. Konfinamendu garaian halako adibideak egon ziren Espainiako leku desberdinetan. "Apirilean eta maiatzan abian jarri ziren hauek hiri desberdinetan".
Parte-hartzaile batek ordenagailurik ez badauka, gainera, Aldundiak aurreratu du aurrez aurreko saioak ospatzen diren gela erabil ahalko duela, anezkaren leku fisikoa, ekitaldi hauek jarraitu ahal izateko bertan dauden ordenagailuen bitartez. "Segurtasun tartea mantentzen da ez delako jende ugari egongo".
Pasa den urtean Gasteizen eta Laudion antolatu ziren anezkak, eta 15-20 pertsona inguruk hartu zuten parte bakoitzean. Aurten, daukaten asmoa da, lekuaren arabera, bitan banatzea. "Helburua segurtasun distantzia mantentzea da. Bi metroak izateko, espazioa ikusita, 20 pertsona badira bi taldetan banatuko dira, hamar eta hamar", aurreratu du Aldundiak. Ezinbestekotzat jotzen dute, azken finean, segurtasun neurriak errespetatzea; maskararen erabilera, distantzia, eskuak sarritan garbitzea, etab.
"Normalean egiten dena da arlo desberdinetako profesionalak ekartzea haien esperientziak ezagutzeko, baita anezketatik pasatu diren beste kide batzuen bisita izatea; aurten, guzti hauek webinar moduan egingo dira, interneten bidezko mintegiak alegia", dio Aldundiak, eta hirugarren fasea, bitartekotzarena, modu konbinatuan egitea da haien asmoa, aurrez aurrekoa eta online.
Interneten munduari ere emango diote garrantzia saioetan, momentu honetan bizi den egoerarekin inoiz baino garrantzitsuagoa baita. "Indartu egingo da aurten eduki hau, lan merkatuak orain ezinbestekotzat jotzen duelako, eta lan telematikoa nagusitzen ari da".
Arabako Foru Aldundiak dio orain arte anezka hauek "oso ondo" funtzionatu dutela, eta txertatze tasa "altua" izan dela. "Urte guztietako batez besteko portzentaia %60koa izan da, azken urte hau salbu", azaltzen du. Azken honetan jaitsi egin zen, azken hilabetea pandemia garaian eman zelako eta aurrez aurreko jarduerak bertan behera geratu zirelako.
Bitartekotza lana, anezken amaieran egiten dena, konfinamenduan eman zen. "Hala ere, datuek %51ko txertatze tasa aurkezten dute, aurreko urteetan baino pixka bat baxuagoa". 59 pertsona egon ziren anezketan, eta horietatik 30 irten ziren lanpostu batekin. "Aurten, Aldundiak, panorama ekonomikoa ikusita, honekin jarraitzea erabaki du", adierazten du instituzioak amaitzeko.
20
Pasa den urtean Gasteizen eta Laudion antolatu ziren anezkak, eta 15-20 pertsona inguruk hartu zuten parte bakoitzean.
%51
Aurreko urteetako anezken batez besteko laneratze tasa %60koa zen. 2019an ospatutakoan, berriz, %51koa izan zen.