- Euskarak garrantzia hartzen jarraitzen du Gasteizen. Ez dakitenentzat eta ikasi nahi dutenentzat, edo maila hobetu nahi dutenentzat, matrikulazio-kanpaina ireki da berriro. Horretarako, aurten ere indarrak batu dituzte Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta lurraldeko euskaltegiek, helduen euskalduntzea sustatzeko.
Aurkezpena atzo goizean egin zuten Merezi du! lelopean. Bertan izan ziren Iñaki Gurtubai Euskara zinegotzia, Aldundiko Euskara zuzendaria Lexuri Ugarte eta euskaltegietako ordezkariak. Covid-19aren izurritearen ondorioz, hainbat dira aurtengo berezitasunak. "Gehienbat, osasun prebentzioarekin zerikusia dutenak: distantziak, maskaren erabilera eta jarduerak modu telematikoz egiteko aukera (hala behar bada)", azaldu zuen Iñaki Gurtubai euskara zinegotziak.Ildo beretik, Gasteizko Udalak, bi lerrotan planteatu du bere laguntza. Gizarte etxeetako ikastaroak, alde batetik, eta diru laguntzak, bestetik. "Urte berezia izaten ari da, covid-19a dela eta. Euskara ikasteko ikastaroei ere eragin die martxotik aurrera izandako ikastaroetan, baina garbi asko erakutsi dute Arabako euskaltegiek pandemiak sortutako egoera larriari aurre egiteko gai izan direla. Baliabideak eskainiz bide berriak jorratu dira aurrera egiteko", helarazi zuen Lexuri Ugartek.
Atzo Oihaneder Euskararen Etxean emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, euskara zerbitzuak 61 talde ditu eta guztira 931 plaza eskaini dituzte. Ikastaro horiek zenbait alderdiren arabera sailkatuta daude. Alde batetik, gurasoentzako ikastaroak eskaintzen dira (43 talde guztira, A1 hastapen-mailaren eta C1 mailaren arteko maila guztiak), 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak (oinarrizko erabiltzaileari dagokion A2 maila lortzeko programa da. Guztira 13 talde eskaintzen dira), atzerriko nazionalitaterako ikastaroak (atzerritarrei harrera linguistikoa egiteko hiru hastapen-talde eta euskarara lehen hurbilketa bat eskaintzen dira) eta merkataritza edo ostalaritzako langileentzako ikastaroak (bi talde. Bata A1 hastapenekoa eta bestea B.1-2 mailakoa). Gasteizko udalarekin batera, lurraldean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko esfortzuan laguntza lerroa argitaratu du Arabako Foru Aldundiak. Hori dela eta, laguntza deialdia argitaratu du trinkotasunaren arabera banatuta: Aurrez aurre ikastaroetan, 248-400 orduko moduluak: 75 eurokoak, 401-600 orduko moduluak: 120 euro eta 601 ordu baino gehiagoko moduluak: 240 euro. Autoikaskuntzako ikastaroetan, aldiz, 190 ordu edo hori baino gehiagoko autoikaskuntza moduluak 75 euro. "Euskara eskoletan trinkotasun irizpidez jokatu nahi du, trinkotasunak gaitasunaren antzekotasuna handia duela sumatuz", adierazi zuten.
Bukatzeko, "batez beste 5.000 dira euskarazko ikastaroetan matrikulatuak direnak. Baina gehiago izan daitezke, askoz gehiago! Izan ere, badakigu, 35 eta 44 urte bitartean euskaraz ulertzen dutenak (%52,96) gehiago direla Araban elebakarrak baino (%47,04). Adin tartea oso emankorra da, bai lanean, bai seme-alaben etxeko hazkuntzan ere, kalean sozializazio bideak irekiz hizkuntzaren bidez", jakitera eman zuten. Guztira, Aldundiak 85.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetara.
Euskararen alde. Aurten ere indarrak batu dituzte Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta lurraldeko euskaltegiek, helduen euskalduntzea sustatzeko. Atzo aurkeztu zuten Merezi du! matrikulazio kanpaina Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik, Aldundiko Euskara zuzendari Lexuri
Ugarte Aretxagak eta euskaltegien ordezkariek. Atzo Oihaneder Euskararen Etxean emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, euskara zerbitzuak 61 talde ditu eta guztira 931 plaza eskaini dituzte.
"Gehienbat, osasun prebentzioarekin zerikusia duten neurriak hartu dira: distantziak, maskaren erabilera eta jarduerak modu telematikoz egiteko aukera (hala behar bada)".
"Urte berezia izaten ari da, covid-19a dela eta. Euskara ikasteko ikastaroei ere eragin die martxotik aurrera izandako ikastaroetan, baina garbi asko erakutsi dute Arabako euskaltegiek pandemiak sortutako egoera larriari aurre egiteko gai izan direla. Baliabideak eskainiz bide berriak jorratu dira aurrera egiteko".