- Aldaketa klimatikoa nabari da berriz ere. Abuztua udan baino udazkeneko eguraldiarekin agurtu da, eta tenperaturak behera egin du, batez ere, azken asteburuan. Gainera, asteburuan elurra egin du penintsulako iparraldeko tontor batzuetan. Hala ere, irailarekin batera, eguraldi ona dator berriro ere Arabara, Estatuko Meteorologia Agentziak atzo jakinarazi zuenez.
Hain zuzen ere, Ruben del Campo Aemeteko bozeramaileak atzo iragarri zuenez, datozen egunetan tenperaturak gora egingo du Araban eta Estuko hainbat lekutan ere. Zehazki, asteazkenetik aurrera hasiko dira termometroak gora egiten. Beroak egun batzuk iraungo du, eta asteburuari begira, tenperaturak eta giro epelak gora egiten jarraitzea espero da, penintsulako iparraldeko muturrean izan ezik, bertan baliteke zertxobait jaistea, eta Kantabriako erkidegoetan, berriz, euria egingo du, Aemetetik atzo jakinarazi zutenez.
Iraileko hurrengo egunetan etorriko den eguraldi honekin, euriteak eta abuztuaren amaieran egon den hotza atzean utziko dira. Izan ere, Aemeten arabera, “azken egunotan Gasteizen, Salamankan, Leonen edo Palentzian, termometroak bost gradutik behera jaitsi dira, eta izoztu ere egin du, bai goiko zonaldeetan, bai eta baldintza geografikoengatik aurrez ezarritako herrietan ere”, adierazi zuten atzo.