- Aranzadi Zientzia Elkarteko talde batek Babioko burdin-aroko herrixka harresituan lan egiten jarraitu du azken asteotan. Abuztuaren 15era arte izan ziren bertan, eta aurrekoan, 8an, "oso arrakastatsua" izan zen bisita bat egin zuten.

Aurten, bigarren kanpainan murgilduta, Aranzadiko arkeologoa den eta proiektu hau zuzentzen duen Jon Obaldia aiararrak DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin hitz egin du aurkitu dituzten nobedadeak argitzeko. Hiru urtez daramatzate jada honekin, eta "inguru hurbileko jendea laguntzeko prest dagoela beti" nabarmendu du gainera.

2018. urtean, Izoriako batzordeak eskatu zion Aranzadiri ikerketa puntual bat egitea Babion, ikusi zutelako harresiaren hainbat puntutan bide berriak irekitzen ari zirela -harresia suntsitzen ari zela, alegia-; antzinatik batez ere, baita azkeneko hamar urteotan. Obaldiak gogoratzen du gainera, zen-tzu horretan, hau ikertzeko eta aztarnategia zer nolako potentzia arkeologikoa zeukan ikuskatzeko, edo zer nolako kontserbazio maila, ikerketa hori egin zutela 2018an, Izoriako batzordearen eta Aiarako Udalaren diru-laguntzarekin.

Bertan, hiru zundaketa egin zituzten, eta bigarren harresiaren ebakidura bat, eta hor ikusi zuten kontserbazio maila "nahiko ona zela", baita materiala zegoela ere. "Hori hartuta, iaz gauza horiek mahai gainean zeudela, proposatu genion Aiarako Udalari ikerketa proiektu bat abian jartzea, Aranzaditik hitzarmen bat egitea Udalarekin, eta bost urteko plan bat abiatzeko". Horretan izan dira, hain zuzen, 2019an egindako lehengo kanpaina eta gero hau bigarrena izan baita. Urte horretan hainbat zonalde ikertu zituzten, aurtengoan ere errepikatu izan direnak. "Babiok bi harresi dauzka, bata goian eta bestea behean; hamar hektarea osotara; goiko harresiak dauka 257 metro, eta behekoak 500 baino gehiago". Haiek zentratu dira lehenengo zonalde harresituan; bertan zegoelako zonalde lau bat harresiaren kontra, eta hor "2018an egindako kata batean, material nahikotxo -batez ere, zeramika eta horrelako gauzak- atera zen", dio gainera. Horregatik, hori handitzea bururatu zitzaien, etxebizitzen bila joateko. "Etxebizitza esaten dudanean, da ea hauetako aztarnarik geratu den, zokaloren bat, edo zorua, edo horrelako zer edo zer".

Azpimarratu duenez, aurten aurreko urtean egindako gauza bera egin dute. Etxebizitzen zonaldea guztiz bukatu dute, ez dute zorurik aurkitu, baina bai etxebizitzak gutxi gora behera nondik zihoazen; hau da, okupazio maila zegoela badakite. Horretaz aparte, lehenengo harresiaren ebakiduran egon dira bi aste hauetan zehar (3tik 15era) -2019an bigarren ebakidura bat egin zuten, eta hori ikertzen joan dira. Zonalde hori ere amaitu dute-. Bertan, topatu dute barneko hormaren kontra hainbat material pilatuta zeudela. Egitura defentsa sistema ikertu dute zonalde horretan. "Horretaz aparte, hiru zundaketa egin ditugu, aztarnategi osoko zonalde konkretuetan. Kontuan hartu behar dugu aztarnategiak 10 hektarea dituela eta nahiko handia dela".

Azkenengo gauza izango litzateke nekropolia bilatzea. "2019an sartu ginen Cueva de los Franceses deitzen denera, ikuskatzeko aztarnategiarekin harremanik zeukan, eta printzipioz ez genuen baztertzen, baina ez genuen ezer ikusi", adierazten du Obaldiak. Hirugarren espazio bat dauka, eta ez zaio zorua ikusten. "Hori ondo ikuskatu arte, ezin dugu guztiz baztertu".

Material nahikotxo atera dute gainera; bai zeramikazkoak, hezurrezkoak (denak animalienak), metalezko piezatxo batzuk ere topatu dituzte, ikatza, haziak, etab. Ikerketarako asko laguntzen digute hauek, karbono-14ko laginak hartzeko adibidez. Ikatzarekin, haziekin eta egiten dute hau. Izan ere, bi asteko landa-lana amaitu ondoren, ikerketa osoak egin behar dituzte -materialak garbitu, etab.-. Pieza esanguratsuak direnak, ikertzera bidaltzen dituzte.

Hauen emaitzak ezagutzen dituztenean, normalean, emaitza horien berri Izoriako jaietan ematen dutela adierazi du gainera Aranzadiko arkeologo honek. Hala ere, covid-19ak zentzu horretan izan du bere eragina ere, inork ez dakielako zehazki zer gertatuko den hurrengo aste eta hilabeteetan. "Beti ikastoletatik eta deitzen didate hitzaldiak egiteko, baina horretaz aparte urtero ikuskatu duguna Izoriako jaietan plazaratzen dugu, behin ikerketa prozesua amaituta. Datorrenarekin ea egin dezakegun". Izan ere, covid-19ak hemen egoteak ere arkeologiaren munduan aldaketak eragin ditu, bai lan-taldean, baita bisitak egiterako eran ere. Abuztuaren 8an, larunbatean, egin zuten bisitan, adibidez, covid-19ari aurre egiteko neurriak hartu zituzten guztiek, maskararen erabilera, distantzia eta hala ere jendea animatu eta haiek ikustera gerturatu zen. "Arrakasta bat izan zen", gogora-tzen du Obaldiak. Izan ere, 70 bat pertsona hurbildu ziren. "Hiru talde egin genituen; bat euskeraz, eta beste bi gazteleraz. Egiten ari garen lanaz hitz egin genuen".

Lan-taldeen inguruan ere, iaz bederatzi pertsona inguru industen egon baziren, aurten gutxiago izan dira, segurtasun tarteak mantentzeko. "Protokoloa beti mantendu behar izan dugu", gogoratzen du Aranzadiko ikerlariak.

Hurrengo urtean berriz ere Babiora bueltatuko dira arkeologoek, lehenengo harresian sakontzeko, eta defentsa sistema "ondo ondo" ikertzeko. Horretaz aparte, zundaketak egin nahi dituzte.

Izan ere, Aiaraldeko mendietan zehar indusketa asko egiten ari dira azken urteotan, iragana ezagutzearren -gerra zibilekoak, erdi arokoak, etab.-. Horren inguruan, Obaldiak deritzo "ondarearen aldetik, hamaika gauza dauzkagula. Orain hasi gara, azken bost edo hamar urteotan gorakada bat ikusten, eta hobeto ulertzen hasi gara ere zer nolako potentzia daukan gure bailarak historian zehar", dio. Gainera, horren harira, bertako elkarteek egiten duten lana jarri du balioan, Aztarna, adibidez. "Amurrion beti egon da hamaika gauza egiten, eta hori da esker-tzekoa. Gure ondare guztia plazaratzen ari gara".

"Oso arrakastatsua izan zen abuztuaren 8an egindako bisita, segurtasun neurriekin"

"Hobeto ulertzen hasi gara zer nolako potentzia daukan gure bailarak historian"

Arkeologoa