- Udaltzaingoak eta Ertzaintzak herritarrentzako aholkuak jasotzen dituen eskuorri bat argitaratu berri dute, etxebizitzetan lapurretak saihesteko kanpainaren barruan aurki daitekeena. Udalak aurreratu zuenez, gaztelaniaz zein euskaraz argitaratu da triptikoa, bi kidegoen polizia-etxeetan eta herritarrentzako arreta duten udal eraikinetan banatzeko. Gainera, hau ere sare sozialetan zabalduko da.
“Itxialdian ez zen lapurretarik izan, eta uztaileko datuak ere azken urteetako kopuruak baino askoz txikiagoak dira”, adierazi zuen gainera. Hala ere, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak neurriak hartzen jarraitzeko eskatzen dute. Ematen dituen ahokuen artean, etxetik irteten den guztietan atea giltzaz ixtea, etxebizitza hutsik dagoelako pistarik ez ematea, eta hori adierazten duten kanpoko seinaleak ahalik eta gutxienak izatea aurki daitezke, besteak beste, kanpaina honetan. Sarreran ate ona instalatzea ere oso lagungarria izan daiteke lapurrak sartzea eragozteko. Orobat, segurtasun-kutxa izatea gomendatzen dute ere, objektu baliotsuen inbentarioa eta argazkiak egitea, eskudirurik ez gordetzea eta kreditu-txartelekin batera gakoak ez idaztea.
Triptiko hauetan ere herritarren laguntza eskatzen dute, eta etxebizitzaren batean mugimendu, zarata edo pertsona arrotzik antzemanez gero Udaltzaingoari (092) edo Ertzaintzari (112) deitzeko. “Ohartarazten da, halaber, etxera itzultzean atea behartuta edo irekita aurkituz gero, edo susmagarri gertatzen zaien edozer ikusiz gero ez dela komeni sartzea, ezta deus ukitzea ere, eta poliziari —kidego batekoa zein bestekoa— abisu eman beharra dagoela”, gogoratu zuen gainera sailak.
Herritarren Segurtasunaren zinegotzia den Marian Gutiérrezen hitzetan,“zentzuzko kontseiluen dekalogoa da, urteko edozein garaitarako aproposa, eta horien artean auzokoen laguntzak duen garrantzia nabarmentzen da, lapurretak zigorrik gabe gera ez daitezen; oporren xehetasunak sare sozialetan kontatzearen arriskuaz ere ohartarazten da. Kanpora joateko asmoaz zenbat eta pista gutxiago eman, hobe. Alor honetan ere, funtsezkoa da prebentzioa”.