- "Lehenengo datuen arabera, Euskal Herriko Unibertsitatean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko Sarbide fasera aurkeztu diren 11.654 Batxilergoko ikasletatik 11.338k gainditu dute USE, hortaz, ikasleen %97,53k gainditu du. Probaren batezbesteko nota 7,02koa izan da (2019an 6,65ekoa izan zen)", azaldu zuten atzo EHUtik. Proba hauek bi fase dituzte: sarbide fasea, unibertsitateko gradu ofizialak ikasi ahal izateko gainditu behar dena, eta onarpen fasea, borondatezkoa, sarbidea fasearen lortutako kalifikazioa hobetzeko balio duena. Horrela, Heziketa Zikloetako 836 ikasle matrikulatu ziren onarpen-faseko ikasgaien probetan.
Araceli Garin Gradu etaGraduondoko Ikasketetako errektoreordearen iritziz, "nabarmendu behar da probak normaltasun osoz egin direla, nahiz eta ikasturte honetan ezohiko osasun-egoera bizi dugun. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet probaren antolaketan eta garapenean parte hartu duten guztiei, batez ere borondatez eta interesik gabe parte hartu dutenei".
Kalifikazioak ikasleak matrikulatuta dauden bigarren hezkuntzako ikastetxeei eman zitzaizkien, eta ikasleek atzo kontsultatu ahal izan zituzten, UPV/EHUren webgunean bertan.
Sarbide-proben ezohiko deialdia datozen egunetan egingo da. Astelehenetik asteazkenera, hain zuzen ere. "Ohiko deialdia gainditu ez dutelako edo kalifikazioak hobetzeko aurkezten diren ikasleak berriro matrikulatu behar dira", jakinarazi zuten Euskal Herriko Unibertsitatetik.
Hala ere, birmatrikulatzeko epea atzo bertan amaitu zen eta, horrela, selektibitateko azterketetara aurkeztu beharko diren ikasleen zerrenda itxita geratu zen. Lehen deialdira aurkeztu ez ziren pertsonek ere parte hartuko dute, batxilergoko azken errekuperazioen zain egon zirenak, zehazki.