- Joana, Eugenio, Arantxa, Patricia, Maria, Alfonso, Lorena, Nagore, Nagore berriro ere eta Leticia. Ziurrenik, izen eta pertsona ezezagunak izango dira gizartearentzat. Baina itxialdian beren etxeetatik atera ziren ausartak dira, elikadura-katean lan egiteko, gizarteak elikadurari dagokionez zuen eskari handiari erantzuteko. Eta atzo egindako lanagatik esker onak jaso zituzten.
Hala, atzo goizean, elikaduraren katea osatzen duten sektore guztietan lan egiten duten gizon eta emakumeak omentzeko ekitaldia egin zen, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak presidituta. Topaketa horrekin, Eusko Jaurlaritzak esker ona erakutsi nahi izan die covid-19aren pandemiak eragindako larrialdiaren hilerik gogorrenetan beren lanpostuetan jarraitu duten pertsona guztiei, "gizartearen aldeko konpromiso bikaina erakutsi baitute": "Hemen Aupa esanahi anitzeko hitza da; gure agurtzeko modua, zerbait bikaina dela aitortzekoa. Eta, batez ere, gure animatzeko modua. Eta hori... gertatzen dena gertatzen dela ere... ez da inoiz aldatuko. Horregatik, Euskadin elikagaien horniduran aritzen diren pertsona guztiei lan bikaina eta ahalegin handia aitortzen diegu. Eskerrik asko! Aupa!". Hitz horiekin hartu zituen Eusko Jaurlaritzak langile horiek, Aupa batekin egindako lana eskertzen zuen bideo batekin, hain zuzen ere. Kanpaina hori, Euskadiko Elikaduraren Clusterraren eta HAZIren laguntzarekin egin dena, Euskadiko kontsumitzaileei zuzenduta dago, eta arrantzaleen eta baserritarren lana balioesten du, egunero egiten duten lanarekin kalitateko elikagaien hornidura bermatzen baitute. Topaketa Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan egin zen, eta bertan parte hartu zuten, halaber, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Jon Ander Egañak eta Manu Ginerrek, biak Euskadiko Elikaduraren Clusterreko kideak.
Tapia salburuaren hitzetan, "Euskadiko elikagaien katea osatzen duten pertsonei eskerrak emateko ekitaldia dela, covid-19aren pandemian zehar eta bereziki konfinamenduaren garaian beren lanaren alde eta gizarte osoaren alde erakutsitako konpromisoagatik. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu ere era guztietako lanpostuetan ari direnei, baserritar edo arrantzalea direnei zein eraldaketa enpresetan edo herrietako denda eta azoketan ari direnei ere, den-denei". Ildo beretik, Arantza Tapiak pandemiaren garaian aktibo egon diren langile guztien elkartasuna, berrikuntza eta profesionaltasuna goraipatu zituen. "Pandemiaren hilerik gogorrenetan eta konfinamenduan bete-betean geundenean ere elikaduraren sektoreak erakutsi du funtsezkoa izateaz gain profesionala, berritzailea eta solidarioa ere badela. Kate luze oso bat bizirik eta indartsu mantendu dute, nahiz eta, Covidaren mehatxuagatik eta lanean izan duten eta oraindik ere izaten ari diren babes neurri zorrotzengatik zein konfinamenduko lehen egunetan biztanleen aldetik eduki duten neurrigabeko eskaeragatik, katearen barruan tirabirak egon diren. Sektoreak espero bezala egoten jakin izan du, eta ez da elikagairik falta salmenta eta banaketa kanal guztietan", azpimarratu zuen.
Arantxa Goenagak (Goenaga Esnekiak) ez du bere jarduera geldiarazi, ezta konfinamenduan ere. "Eskerrik asko Eusko Jaurlaritzari gure bizipenak eta kezkak entzuteagatik. Denok izan ditugu antzeko bizipenak; beldur askorekin lan egin dugu. Baina protokoloak martxan jarri ditugu, eta protokolo horiek eraginkorrak izan direla ikusi dugu", adierazi zuen. Frutas Iru-Mercabilbaoko Nagore Cuevasek ere berretsi zuen beldur horrekin lan egin dutela, baina herritarren eskaerak asetzeko ahalegin gogorrak egin dituztela azpimarratu zuen. "Pandemiaren lehen hilabete eta erdian lan gogorra egin dugu. Beldurrez eta ziurgabetasunez". Hala ere, normaltasun berrian tentsio hori gutxitzen hasi da, Joana Tellok (Barrenetxe Kooperatiba) adierazi zuenez: "Normaltasun berri batean gaude eta agian ez gara hain beldur. Baina normaltasun berri bat da, iraungitze-datarekin. Zalantzan jartzen dugu salgai dugun guztia saldu ahal izango dugun, elikagaiak hondatuko zaizkigun eta neurri gogorragoak hartu beharko dituzten", dio. Bestalde, Jon Ander Egañak ziurtatu zuen beldurrarekin lan egiteak meritu bikoitza duela, eta hilabete hauetan egin duten lan gogorraren garrantzia azpimarratu zuen.
"Eskerrak eman nahi dizkiegu era guztietako lanpostuetan ari direnei, baserritar edo arrantzale direnei"
Ekonomiaren Garapeneko sailburua
"Euskadiko elikagaien katea osatzen duten pertsonei eskerrak emateko ekitaldia da"