- EAEANko lan-arloko Salak epaia eman zuen atzo, CCOOk jarri zuen demandaren aurrean; demanda Covid- 19aren ondoriozko arriskuaren ebaluazioa egin ez izanak bizitzeko eskubidea eta osotasun fisikoa urratu dituelako jarri zuen.
“Epaiak Osakidetzak urtarrilaren 24tik abian jarri dituen ekintzen balioa nabarmentzen du, eta haiek Covid- 19agatiko arriskuarekin zerikusia duten protokoloetara egokitzen direla irizten du. Berariaz aitortzen da Osakidetzak eginiko ahalegina; izan ere, eguneratzen joan da arriskuen ebaluazioa, Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legeak ezartzen duen bezala. Jarduketa horretan, gainera, autonomia-erkidego osoan osasun-arloko profesionalen lanpostuetan Covidarenondoriozko arriskuen ebaluazioa ere egin da, demanda jarri aurretik, hiru ospitale-zentrotan izan ezik, haietan ebaluazioa demanda jarri ondoren egin baita; horregatik Salak demanda zati batean baiesteko epaia eman du”, adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzak.
Hala ere, Efe agentziak atzo azaldu zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEan) ebatzi du Osakidetzak urratu egin zuela Santa Marina eta Gorliz ospitaleetako eta Arabako osasun mentaleko sareko langileen “bizitzarako eta osotasun fisikorako oinarrizko eskubidea”, eta ez zuela ebaluazio zehatzik egin Arabako Osasun Mentaleko Sareko langileek beren lanpostuan zuten arriskuari buruz. Auzitegiak gaineratu duenez, “Euskal osasun zerbitzuaren jarduerarik ezak arriskuan jarri du Santa Marina, Gorliz eta Arabako osasun mentaleko sareko langileen osotasun fisikoa, eta hori salatutako oinarrizko eskubidearen lesioa da”. Efe agentziaren arabera, Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak eta sala horretako bi magistratuk Osakidetza zigortzea erabaki dute, “Jokabide urratzailea berehala bertan behera uztera eta segurtasun zorra betetzera, eta, zehazki, Santa Marina, Gorliz eta Arabako osasun mentaleko sareko ospitaleetako lanpostuak eta zeregin espezifikoak Covid-19k eragindako arriskuen ebaluazioa egitera”.