- Milaka ekimen bertan behera geratu dira Gasteizen covid-19 koronabirusaren hedapena eteteko helburuz, eta konfinamendua bete behar dugu pandemiari aurre egiteko. Horren ondorioz, itxialdiak irauten duen bitartean, etxean euskaraz praktikatzeko hainbeste aukera daude, eta online bidezko ekitaldiak zabaltzen ari dira, adibidez, Mintzalagunen bilerak.
Aurrez aurre elkartzeko aukera ez dugun garai honetan, etxealdian ere mintzapraktika saioak martxan daude mintzalagunek etxetik hitzordua mantendu dezaten, teknologia berriak baliatuz eta Internet bidezko sare handia osatuz.
"Mintzalgun taldeak nahiko ondo moldatzen ari dira errealitate berri honetara. Hasieratik ulertu zuten ezin zirela tabernetan elkartu eta gehienek kontaktuan jarraitzen dute, haien asteroko hitzordua modu batean zein bestean mantenduz", adierazi du GEU elkarteko teknikari Zuriñe Gilek.
Bere ustez, pertsona askorentzat Mintzalaguna da euskaraz modu lasai eta atsegin batean hitz egiteko tarte bakarrenetarikoa eta talde gehienek harreman afektibo handia sortu dute. "Horregatik, bilera hauek modu batean zein bestean egiteko tresnak bilatu ditugu hasieratik Mintzalagun programatik", aipatu du Zuriñe Gilek.
Mintzalagunak astean behin euskaraz hitz egiteko elkartzen ditu Gasteizko taldekideak, normalean taberna edo elkarte gastronomikoetan, ordubetez. Baina argi dago bizi ari garen egoera ez ohiko honetan ezinezkoa dela errutina mantentzea.
Gasteizen momentu honetan 70 mintzalagun talde daude eta orotara 634 mintzalagun dira. "GEU Elkartetik, martxoaren hasieran eman genien ez biltzeko aholkua, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioak jarraituz. Hau dela eta, martxoaren erdialde aldera taldeek tabernetan elkartzeari utzi zioten", gogoratu du Zuriñe Gilek.
Beraz, GEU Elkartetik edonork eskura izan dezakeen irtenbidea proposatu dute: bideo dei bidezko Gasteizko Mintzalagun bilerak. Eta ondorioz, talde asko online moduan biltzen dira hilabete hauetan.
"Aitortu behar dugu esperientzia berri hau uste baino hobeto doala. Hasieran talde gutxi elkartuko zirela uste genuen, baina Gasteizen dauden 70 Mintzalagun taldeetatik 51 ari dira online biltzen itxialdiak irauten duen bitartean. Azken hauek esperientzia desberdina izaten ari dela esan digute: arraroa, polita eta bereziki interesgarria", adirazi du GEU elkarteko teknikariak.
Covid-19a eta konfinamendua hasi zirenetik, taldeak egokitzen joan dira geratzeko modu berrietara. Mintzalaguneko arduradunen proposamenari esker, ordu berean online konektatzea erabaki dute Gasteizko talde askok. Haien ustez, oso aberasgarria da esperientzia, bizitzen ari garen konfinamendutik deskonektatzeko modu bat da eta.
Ez elkartzea erabaki dutenen artean hainbat arrazoi daude: ez dira teknologia berriekin ondo moldatzen, oso lanpetuta daude, aurrez-aurrekoa nahiago dute€ "Baina guztiek datorren ikasturtean jarraitzeko asmoa dutela adierazi digute, eta hori oso aberasgarria da guretzat", adierazi du programaren antolatzaileak. Talde asko dira online elkartzen ari direnak eta elkartzen ez diren taldeen artean gehienetan talde osoaren erabakia da.
"Baina badira mintzapraktika egiten jarraitu nahi duten lagunak eta horiei euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen saiatzea da gure asmoa. Horregatik, mintzalagun hauek harremanetan jartzeko saiakera egingo dugu, egoera normaltasunera itzuli arte behintzat behin behineko taldeak sortuz", adierazi du Zuriñe Gil teknikariak.
"Badakigu etxean euskara erabiltzeko ohitura zaila izan daitekeela pertsona batzuentzat; horregatik GEU Elkartetik proposamen ezberdinak bidali ditugu maiztasunez itxialdian zehar", esan du arduradunak. Adibidez, Etxealditik Euskaraldira ekimena antolatu zuten, bertan euskara gure eguneroko bizitzan erabiltzeko aholku errazak ematen zituen: pintxo -poteak online euskaraz egitea, dendara joaterakoan lehenengo hitza euskarazkoa izatea... Berrogeialdiak ekarri duen aspergarritasunez ihes bide polita izan daitekeela pentsatzen dute.
Inork ez daki oso ondo noiz hasi ahal izango diren berriz mintzalagun taldeak betiko moduan elkartzen. Ikusi beharko da egoera honen garapena eta horren arabera erabakiak hartu.
"Hala ere, malgutasunez jokatzea gustatuko litzaiguke; eta posible den heinean Mintzalagunak parkeetan edo paseotxoan biltzea proposatu nahiko genuke. GEU Elkartean badakigu Mintzalaguna programa eta talde bakoitzaren arrakasta harreman sozialetan oinarritzen dela eta online bilerak efektiboak diren arren hotzak izan daitezke ere".
Aurrez aurre elkartzeko aukera ez dugun garaian, etxealdian ere mintza saioak martxan daude, teknologia berriak baliatuz
Osasun Sailaren gomendioak jarraituz, martxoaren erdialde aldera taldeek tabernetan elkartzeari utzi zioten
Pertsona askorentzat Mintzalaguna da euskaraz modu lasai eta atsegin batean hitz egiteko tarte bakarrenetarikoa