- "Gaur egungo alarma-egoera dela eta, Florida zinema-aretoetan eta errepresio frankistaren biktima diren gasteiztar guztiei errekonozimendua emateko egunaren testuinguruan egitea aurreikusita zegoen Zinema eta Memoriei buruzko Erakustaldia online formatu batera egokituko da".
Hala iragarri zuen atzo Gasteizko Udalak, eta bertatik azaldu zutenez, hautatutako lanak hilaren 28an eta 29an egongo dira ikusgai Zirelako webgunean bertan. Gainera, hala nahi dutenek maiatzaren 29an 19: 00etan epaimahaiaren eta lanen egileren baten parte-hartzearekin antolatuko den hitzaldi-solasaldi telematikoan parte hartu ahal izango dute. Zirelako. Zinema eta memoriak "eztabaida eta ikuspegi kritikoa sustatzeko helburuarekin sortutako film laburren aukeraketa eta erakusketa da. Ikus-entzunezko istorio laburren bidez, memoriari eta giza eskubideen urraketei buruzko askotariko ikuspuntuak eskaini nahi ditu", nabarmendu zuten.
Lanak bi kategoria eta dinamika desberdinetan hautatu dira. Alde batetik, saioko epaimahaiak, Rosabel Argote Vea (CEAR-Euskadi), Nerea Martinez Aranburuzabala (Martxoak 3 elkartea) eta Fernando Lopez Castillok osatzen duten Giza Eskubideen eta zinemaren esparruko adituek, kategoria irekian aurkeztutako lanen artean sei aukeratu ditu, erakusketaren oinarriei so. Bestalde, bigarren kategoria batean, Zinhezbak, erakusketa antolatzeaz arduratzen den erakundeak, berak egindako aukeraketa aurkeztuko du.
Hizkuntzari dagokionez, Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira. Hala ere, azpitituluak gaztelaniaz edo euskaraz izango ditu. Hala, hitzaldi-solasaldia elebiduna izango da; parte-hartzaile bakoitzak bi hizkuntzetako edozeinetan komunikatu ahal izango du.
Irabazlearen saria oraindik ez dago erabakita. Izan ere, oraingo honetan herritarren laguntza lortu nahi da, irabazleak merezi duen saria eurek erabaki dezaten. Hala iragarri zuten atzo, behintzat, Udaletik. Beraien hitzetan, "ikusentzuleek publikoaren saria aukeratu ahal izango dute web-orri berean bozkatzeko propio prestatutako galdetegi baten bidez. Lan irabazleak Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren aitorpena jasoko du, eta hura zabaltzeko konpromisoa", berretsi zuten.