- "Orain umeak inoiz baino elkartuago daude. Espero genuena baino hobeto ari dira konfinamendua eramaten eta elkarrekin jolastuz askoz gutxiago aspertzen dira". Rakel Vicario Arabako Foru Aldundiako Paula Montalen etxeko gizarte hezitzailea da eta, haren esanetan, hezitzaileak oso pozik daude bertako haurrek erakusten duten elkarbizitzaren ereduarekin. Izan ere, konfinamendu egun hauetan, gizarte hezitzaileak beraiek ere malgutasun dosi ona izaten ari dira, etxe honetan eta haien senideenean egiten duten egonaldia uztartzeko.
Arabako Foru Aldundiak 16 etxe eta harrera-zentro ditu guztira, eta horietan adin guztietako 240 adingabe inguru daude tutoretzapean, jaioberrietatik hasi eta 18 urtera artekoak. Haur horiek guztiek iragan desberdina dute, baina oraina komunean: babesgabetasun-egoeran daude guztiak, eta Aldundia da haien tutoretza duena, beren une gogorretan babesteko eta haien artean familia berri bat sortzeko. Aldundiak zaintzen dituen hamasei etxe eta egoitza zentro horietako batean ematen du Rakel Vicariok bere denbora eta maitasuna, Paula Montalen etxean, hain zuzen ere. Etxe horretan hamar eta hamasei urte bitarteko zazpi haur bizi dira batera. Haur horietako bakoitzak istorio ezberdina dauka baina egoera gogor eta konplikatuetatik pasatu dira guztiak, aldi baterako beren familietatik apartatu behar izan dituztelako. Iazko abendutik, ordea, zazpi haur horiek familia berri bihurtu dira etxe berri batean, non gizarte hezitzaileek egunero eta atsedenik gabe lan egiten duten, haur horiek babestuta egon daitezen, atzean uzten dituzten arazoak edo egoera konpontzen den bitartean. Hau da, zentro horien helburua haur horiek babestea da, haien garapena eta hazkundea baldintza onenetan ahalbidetzen duen beste edozein neurri hartzeko.
Normalean, adingabe horiek elkar ezagutu gabe iristen dira etxe horietara eta denen artean familia bat eraikitzen dute, beraiena ez dena, baina bai partekatzen dutena. Batasun eta bizikidetza horren froga dira konfinamendu egun hauek. "Konfinamenduaren lehen egunetan hezitzaileok jarduera desberdinak eta oso originalak sortzen saiatu ginen, haurrak kalera ez ateratzearen eragina gutxiago nabaritu zezaten, baina ikusi dugunez egoera hau denboran luzatzen ari dela, orain egiten duguna da irudimenari eta egunero nahi dugun jolasari bidea utzi", dio gizarte hezitzaileak. Hori bai, ume horiek ere badituzte beren betebeharrak eta ardurak, egunari askoz ere errutinaz aurre egiteko. Esaterako, goizean zehar etxeko lanen eta ikasketen txanda izaten da. Ordu batzuetan haur horiek ikasitako guztia aztertu eta errepasatzen dute, ikasketak atzean ez uzteko. Bazkalorduan berriro elkartzen dira guztiak, solasean, beren pasadizoak partekatzen dituzte tarte batez. Arratsaldean, merienda ordura arte, gehien gustatzen zaienari ekiten diote, musika entzuten dute edo une horretan gorputzak eskatzen dien jarduera egin. Eta askarian elkartzeko ordua, berriro ere.
Bizkotxoak edo beste gozogintza bat egitea, kirola egin, mahai-jokoetan jolastea eta baita haien artean ile-apainketako saioak egitea ere, ez dago aspertzeko denborarik etxe hauetan dibertsioa beraiek ziurtatzen dutelako, beraien joko-proposamenekin eta elkarrekin dibertitzeko duten borondatearekin.
Guztira bederatzi gizarte hezitzaile eta sukaldari bat joaten dira txandaka haur horiek babestera, eta Rakelen esanetan, "harrituta gaude zein ondo eramaten ari diren eta egoera ondo ulertzeko egiten duten ahaleginarekin". Izan ere, hezitzaile horiek hasieran pentsatu zuten haurrak gehiago estutuko zirela, konfinamenduaren egun hauetan ezin baitute senideen bisitarik jaso. Hala ere, guztiz kontrakoa, heldutasunez jokatu dute, eta gehiago elkartzea erabaki dute, elkarrekin zazpi anai-arrebek bezala jokatu ahal izan dezaten. Gainera, itxialdia errezago egiteko, haur horiek bideo-deiak egiten dizkiete senideei, eta egun horietan dibertitu diren jolasen berri ematen diete. Eta hainbestekoa da irudimena, ezen bere dibertsioa bizilagunekin partekatzen duten, eta egunotan balkoian eserita, eta balkoitik balkoira, veo veo jolasean aritzen dira bizilagunekin. "Egokitzapen adibide polita ari zaizkigu helarazten. Benetan, gure lana askoz errazago jartzen ari zaizkigu, eta oso polita da haiekin inplikatzea, haiek zaintzea eta babestea, beti garelako haien erreferenteak baina haiek ere asko laguntzen digutelako gure lanean eta gure eguneroko egin behar ditugun beharretan".
Eguneko unerik onenetako bat haientzat, edo behintzat, emozioz beteriko uneetako bat da arratsaldeko zortzietan bizi dutena. Gainerako herritarrak bezala, haur horiek ere txaloka ateratzen dira beren balkoietara, ospitalean edo anbulantzietan lan egiten duten guztiei eskerrak emateko egunotan koronabirusaren aurka borrokatzeko egiten ari diren lanagatik. "Oso une hunkigarria da haientzat; nire ustez, eguneko unerik onenetakoa, elkarrekin atera eta txalotzen dutelako; beti gogoratzen dira, eta oso presente izaten dute egunean", dio Rakelek.
"Haur horiek, oro har, lehen ere batuta zeuden, elkarrekin daramatzate abendutik, eta ondo moldatu dira elkarren artean jolasten, baina lagunekin ere ateratzen ziren, beste edozein haur bezala beste edozein etxetan. Baina egun hauek inoiz baino gehiago aprobetxatu dute zazpi direla, beste etxe batzuetan ez daude hainbeste haur, eta elkarrekin jolasten dira, ondo pasatzen dute eta askoz elkartuago daude. Harrituta eta pozik gaude haiekin konfinamendua zein erraza izaten ari den ikusita, benetan polita dela euren aldetik hainbeste jartzen ari direla ikustea".
Etxeak. Arabako Foru Aldundiak 16 etxe eta harrera-zentro ditu guztira, eta horietan adin guztietako 240 adingabe inguru daude tutoretzapean, jaioberrietatik hasi eta 18 urtera artekoak.
Helburua. Haur horiek guztiek iragan desberdina dute, baina oraina komunean: babesgabetasun-egoeran daude guztiak, eta Aldundia da haien tutoretza duena, beren une gogorretan babesteko eta haien artean familia berri bat sortzeko. Aldundiak zaintzen dituen hamasei etxe eta egoitza zentro horietako batean erabiltzen du Rakel Vicariok bere denbora eta maitasuna Paula Montalen etxean.
"Konfinamenduaren lehen egunetan hezitzaileok jarduera desberdinak eta oso originalak sortzen saiatzen ginen, haurrak kalera ez ateratzearen eragina gutxiago nabaritu zezaten, baina ikusi dugunez hau denboran luzatzen ari dela, orain egiten duguna da irudimenari eta egunero nahi dugun jolasari bidea utzi".