- Afarabak -Arabako alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen, familien eta lagunen elkartea- komunikatu bat idatzi du gizarte osoari mezu bat bidaltzeko. Izan ere, larrialdi egoera dekretatu zenetik, eta berarekin konfinamendua eta mugimendu mugaketa, dementzia duen pertsona bat zaintzen duten familiek ezin dira haien senidearekin kalera irten. Horregatik, defendatzen dute dementzia edo patologia psikiatriko bat duten pertsona orok kalera paseo bat ematera irteteko aukera edukitzea -betiere gobernuak ezarritako arauak errespetatzen-.
Zentzu horretan, Conchik, Afarabako psikoestimulazio zentroko arduradunak, arauak errespetatzen hau aurrera atera daitekeela uste du. "Arduratsuak izaten, jakina. Pertsonek orokorrean errespetatzen dute konfinamendua eta araudia. Izan ere, zaintzaileak kezkatuta daude eta saiatzen dira ez irteten. Ez dutenek beste aukerarik izan eta atera direnek medikuaren txostenarekin egin dute. Batzuk arazoak eduki dituzte, eta beste batzuei paseoa azkarra izatea gomendatu diete", dio.
Elkarteak hori berresten du idatzitako komunikatuan. Izan ere, familia batzuk helarazi diete haien "frustrazioa" Gasteizko Poliziarekin izan dituzten arazoen inguruan haien irteerak justifikatzeko, hori egiteko beharra helarazteko eta isunak ekiditzeko. "Hori naiz eta dokumentazioa, menpekotasun ebazpenak eta neurologiako txostenak eskaini", diote haien idatzian. Afarabatik lan egiten jarraitzen dute erabiltzaileekin eta haien familiekin, eta araudiaren berri ematen diete beti aldaketak daudenean, baina lan horretan jarraitzeko poliziaren laguntza ere eskatzen dute. "Endekatze profil baten diagnostiko kliniko bat duten pertsonak dira, eta profil horrek eraldaketak dakartza maila kognitiboan, emozionalean, etab.", diote elkartekoek.
Gainera, konfinamenduak okerragotu ditzake sintoma hauek, pertsona hauek ez dutelako ulertzen larrialdi egoera honekin ezin direla kalera irten. Horrek eragiten du agitazio mailak, antsietatea, agresibitatea, indarkeria -bai hitzetan bai fisikoa-, etab. areagotzea.
Horregatik, etxeetako egoera "eutsiezinari" aurre egiteko, zaintzan dabiltzaten pertsonek kalera irtetea erabakitzen dute, paseo txiki bat emateko dementzia duen senidea lasaitzearren.
Orain elkartean 800 kide baino gehiago dituzte, eta momentu hauetan ere saiatzen ari dira gizarte-langileen eta psikologoen bidez mundu guztiari deitzen eta haien egoera ezagutzen. "Ni psikoestimulazio zentroan daudenez arduratzen ari naiz batez ere, haien arduraduna naizelako. Arlo honetan dauden pertsonen profila hasierakoa edo moderatua da", azaltzen du.
Familiek momentu hauetan egiten duten lana izugarria dela ere deritzo. "Asko harritzen nau momentu hauetan familiek daukaten erresistentzia. Izugarria da ere zaintzan ematen duten maitasuna. Horietako asko gainera bakarrik daude etxean dementzia daukan senidea zaintzen".
Larrialdi egoera hau kudeatzeko eta dementzia duen pertsonarekin denbora emateko zaintzaileek zaintza egiteko estrategiak dituzte edo bilatzen dituzte. Musika jartzen diete, edo mahai-jokoak erabiltzen dituzte, argazki albumak erakutsi edo etxeko lanetan lagundu. "Portaera disruptiboagoa dutenen kasuan, haien familiekin hitz egin dut behar badute medikuarekin hitz egiteko eta medikazio gehiago emateko. Izan ere, orain garrantzitsuena lasai egotea da. Larrialdi egoera hau ez dakigu zenbat luzatuko den, eta hau gainditzean medikazioa gutxitzen joango gara berriro", dio bestalde Conchik.
Orain ere haiekin egoteagatik eskerrak eman dizkiete familiek, nahiz eta urrun egon kezkatzeagatik eta deitzeagatik. "Haiekin lan egiteko beste era bat aurkitu dugu larrialdi egoera honetan. Esan behar digutena entzuten dugu, eta emozio asko lantzen ditugu egun hauetan. Izugarri partekatu dugu elkarrekin. Psikologoek ere hitz egiten dugu dementzia duten beste pertsona batzuekin -oraindik kontzientzia maila bat dutenekin-. Batzuk ahaztu dute zentro batera zihoazela. Familiek ere esan digute konfinamenduarekin beharbada gaixotasun hau azkarrago egingo duela aurrera".
Gainera, zaintzaileak koronabirusa hartzen badu, gizarte-zerbitzuek esku hartu behar dute. Izan ere, errekurtso bat bilatu behar dute dementzia duen pertsona horrentzako.
Conchirentzat, egun hauek ikasteko ere balio izan zaizkio. "25 urte daramatzat lan egiten honetan, eta hilabete batean urte guzti hauetan baino gehiago ikusi eta bizi izan dut". Denbora horretan faltan bota du -eta botatzen ari du- ere besarkada bat ematea, haien lanean kontaktu fisikoarekin lan egiten dute eta, edo Afarabako kideeei begietara begiratzea -hori egitearekin badaki zer moduz dauden-. "Orain egiten dugun estimulazio lana gelditu da, eta familiek saiatzen dira etxeetan horrekin jarraitzen, baina 24 orduko konfinamendua da eta ez da erraza", dio bukatzeko.
Koronabirusa. Zaintzaileak koronabirusa hartzen badu, gizarte-zerbitzuek esku hartu behar dute. Izan ere, errekurtso bat bilatu behar dute dementzia duen pertsona horrentzako.
Kalera irten. Afarabatik lan egiten jarraitzen dute erabiltzaileekin eta familiekin, eta araudiaren berri ematen diete beti aldaketak daudenean, baina lan horretan jarraitzeko poliziaren laguntza ere eskatzen dute. Izan ere, familia batzuk Gasteizko Poliziarekin izan dituzte arazoak haien irteerak justifikatzeko.