GASTEIZ - Vital Fundazioak unibertsitateko tituludunentzako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako tituludunentzako beken programarako deialdia egin du aurten ere, beren ingeles maila hobetu dezaten, bereziki maila teknikoan eta komertzialean.
Hala, 20 beka emango dira Britainia Handian edo Irlandan hiru hilabeteko egonaldiak egiteko, lanean edo lan-praktiketan, eta beste 20 Idiomas Vital Fundazioan hizkuntza hobetzeko. Eskaerak egiteko epea apirilaren 1ean hasiko da. Lurraldeko gazteen prestakuntza eta enplegua bultzatzea da, oraindik ere, Vital Fundazioaren jardunaren lehentasunetako bat. Helburu horren barruan dago ingeles-beka hauen deialdia, azken ekitaldietan eskari handia izan duen ekimena. 40 beka emango dira, hizkuntza hobetzeko bai atzerriko egonaldien bidez, bai Idiomas Institutuan egindako ikastaroen bidez.
Atzerrian, zehazki Britainia Handian edo Irlandan, lan-egonaldiak edo praktikak ingelesez egiteko beken kasuan, 20 plaza deitu dira. Hamabi asteko egonaldiak izango dira, eskoletara joan eta ordaindutako lanak edo lan praktikak eginez, 4 aste-klase eta 8 asteko lan edo praktiketan banatuta.