GASTEIZ - Etxe eraginkorragoa eta ekologikoagoa izateko interesa duten herritar guztiek izena eman ahal izango dute gaurtik aurrera Etxe berdeak programan. Izan ere, 2020rako berrikuntza gisa, aurten 75 familiatara iristeko asmoa dute, iaz baino 20 familia gehiagotara, hain zuzen ere. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Vital Fundazioak eta Leroy Merlinek sustatzen dute programa, zeinak tresna eta aholku pertsonalizatuak eskaintzen baitizkie interesatutako familia eta pertsonei, etxebizitza ekologikoagoak eta energetikoki eraginkorragoak izan ditzaten. Izena emateko epea martxoaren 6an amaituko da.
Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eta Leroy Merlineko Giza Baliabideen arduradun Saray Záratek aurkeztu zuten atzo doako programa horren seigarren edizioa. "Gizarte eta ingurumen onurari familia bakoitzak epe ertainera lortzen duen diru aurrezpena gehitzen zaio, eta nire ustez funtsezkoa den zerbait: gurasoekin batera kontzientziazio abentura horretan umeek ere parte hartzea, jokabideak ikasi eta indartzeko lantegi paraleloen bidez", nabarmendu zuen Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak. Eta gaineratu zuen: "horrela, esperientzia familia osoarena da benetan, eta ohitura jasangarriak askoz ere modu eraginkorragoan bereganatzen dira". Ildo beretik, Fernandezek gogorarazi zuenez, "neurri errazak eta ohitura aldaketa txiki batzuk tarteko, aurrerapauso handiak eman ditzakegu ingurumena hobetzeko eta dirua aurrezteko. Programan parte hartzen dutenak aldatzeko prest daude". Xehetasun gehiago jakiteko interesa duten familiek otsailaren 12an, 18: 30ean, Kordoi Etxean egingo den hitzaldi informatibora joan daitezke.
Izena ematea. Etxe eraginkorragoa eta ekologikoagoa izateko interesa duten herritar guztiek izena eman ahal izango dute gaurtik aurrera Etxe berdeak programan. Aurten 75 familiatara iristeko asmoa dute, iaz baino 20 familia gehiagotara, hain zuzen ere.
Edizio berria. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eta Leroy Merlineko Giza Baliabideen arduradun Saray Záratek aurkeztu zuten atzo seigarren edizioa.