GASTEIZ - “Badirudi Oionen dagoen hezkuntza egoera denen ahotan dabilela azkenaldi honetan. Hori ez litzateke berri txarra izango hezkuntza hobetzeko asmorik balu azken xede”. Hitz horiekin hasi zuen atzo hitzaldia Arturo Lopez de Lacallok, Oioneko San Bizente ikastolako zuzendariak. Harekin batera izan ziren Mikel Garrido ikastolako Lehendakaria eta Koldo Tellitu, ikastolen Elkarteko Lehendaria, besteak beste. Topaketa horrekin, ikastolatik azken asteetan jasotako kritikak gezurtatu nahi izan zituzten. Izan ere, ikastetxean izandako eskola-segregazioagatik pozik ez egotea leporatzen zaie. Hala, San Bizente ikastolatik, beraien irudia gaiztotuta, manipulatuta eta erasotuta ikusi dutela adierazi zuten: “Informazioa bide okerretik, ikuspuntu alderdikoi batetik eta guretzat ulergaitzak diren helburuekin erabili izan da. Izan ere guk beti eskaini izan dugu geure burua Oionen hezkuntzan dagoen arazoari konponbidea errazteko”. Ildo beretik, ikastolatik azaldu zuten Euskal Herriko ikastetxe askotan bizi den segregazio egoeraren jakitun direla, baita Oionen ere, baina horren inguruan ahalik eta babes handiena eskaintzen dutela zioten eta, gainera, kooperatibisten borondatezko kuotek segregazioarekin zerikusirik ez dutela argudiatu zuten ere. “Koperatibisten gain doa garraioa, jangela, haurtzaindegia eta hainbat gastu, eta denak elkartasunez, gure kuotekin ordaintzen dira, hau baita, azken finean, kuoten helburua, eta ez beste bat”. Zentzu berean, Mikel Garridok zera adierazi zuen: “Honek ez du esan nahi familia batek bere umea ikastolan matrikulatu nahi badu, ezin duela egin kuotak ordaintzen ez baditu: gure ateak denontzat daude irekita”. Koldo Tellerian esanetan, Assa, Bastida eta San Bizente ikastolak berrogei urtez aritu dira lanean eta “luzaro irauteko asmoz sendoz jarraitzen dugu, Arabar Errioxa euskalduntzeko eta bertako herritarrei hezkuntza zerbitzu euskalduna, kalitatezkoa, aurreratua eta aurrerakoia eskaintzeko”. Ildo beretik, A eta B ereduan ikasi nahi dutenentzako autobus zerbitzua doakoa dela ere azaldu zuen, murgiltze eredua aukeratu dutenentzako, ordea, ez. - E. F. D.