gasteiz - Elikagai-xahuketa murrizteko gida bat aurkeztu zuen atzo Gasteizko udalaren Osasun eta Kirol zinegotziak, Livia Lopezek. 2015ean zenbait ostalaritza-establezimenduetan egindako ikerketa batean ohartu ziren horietako bakoitzak egunero 12,31 kilo elikagai inguru xahutzen zituela. Horregatik, hau ekiditzeko eta kontzientzia hartzeko asmoz, gida hau plazaratu dute Euskadiko elikagai-xahuketaren kontrako astean. Gainera, Gasteizko Udalak bat egin du aste horrekin.
Livia Lopezek azaldu zuenez, 250 ale inguru banatuko dira hasiera batean, baina udalaren web orrialdean ere egongo da ikusgai. “Elikagai-xahuketaren prebentziorako eta murrizketarako jardunbide onak identifikatzen dira bertan, menua egiten denetik eta mahaian zerbitzatzen den arteko prozesu guztia aztertzen delarik”, kontatu zuen.
Gida 100 establezimenduetan banatzeaz gain, hauek bisitatuko dituzte. Lehenengo bisitak abenduaren eta otsailaren artean egingo dituzte, azalpenak emateko eta zalantza guztiak argitzeko. Bigarrena otsailetik aurrera emango da, eta bertan zer egin den eta zer ez aztertuko dute. Datu guztiekin, txosten bat egingo dute.
Horrela, Gasteizko udaleko Kirol eta Osasun saileko Osasun Publikoaren zerbitzuak ostalaritza-sektorea eta herritarrak -kontsumitzaile gisa- ohiturak aldatzea nahi du. Kontsumitzaileen kasuan, adibidez, jatetxean jaten ez dituzten elikagaiak tuper batean eramateko aukera edukitzea eta sasoiko elikagaiak zeintzuk diren jakitea proposatu dute, elikagai-xahuketa ekiditzeko. - S.C.