Atzo komunontziaren mundu eguna ospatu zen, Nazio Batuen Erakundeak sortua. Horregatik, Amvisa ere bat egin zuen egun honen inguruko kontzientziazioarekin. Izan ere, Felipe Garciak gogoratu zituen datuen arabera -Amvisako lehendakaria-, munduan 4.200 milioi pertsona bizi dira era seguruan kudeatutako saneamendu-zerbitzurik gabe. Gainera, “saneamendu faltak eragindako gaixotasunak direla kausa, urtean 430.000 pertsona hiltzen direla kalkulatu da, hesteetako gaitzak ugaritzeko faktore garrantzitsua baita”, adierazi zuen.

Azalpen hauek atzo goizean Loma Jeneralaren plazan eman zituen. Bertan, aste osoan zehar, kontzientziazio-kanpaina bat egongo da ikusgai, zapitxoek eta beste zenbait produktuk saneamendu-sarean sortzen dituzten kalteez ohartarazteko. “Komunontzia ez dela zakarrontzia” gogorarazteko, buxatutako hodi baten simulazioa instalatu zuten, hiritarrek ikusteko eta kontzientzia hartzeko.

Felipe Garciak azaldu zuenez, “kaleko ekintza honen bitartez saneamenduarekin lotutako jardunbide egokiak sustatu nahi ditugu herritarren artean”. Horregatik, zapitxoak, janari hondakinak eta beste zenbait produktu ontzi egokietara bota behar direla gogorarazi zuen. Izan ere, adierazi zuenez, kalteen artean, adibidez, arratoi-izurriak ere sor daitezke.

“Hondakinak zuzen kudeatzen baditugu, Udalak eskaintzen dituen edukiontziak erabiliz eta hustubidetik botatzea saihestuz, gure saneamendu-sarearen egoera hobetuko dugu, eta ibaiak eta itsasoak kontserbatzen lagunduko”, esan zuen zuzendariak.

Datuek adierazten duten bezala, saneamenduen erabilera txarrak pertsona bakoitzeko, 4-6 euroko gainkostua eragiten du hauen mantenurako eta kudeaketarako. Horregatik, kanpaina honen helburu nagusia hiritarrek kontzientzia hartzea eta ohiturak guztiz aldatzea da.

UNE 149002 Amvisak bat egin du Ez elikatu estoldetako munstroa sentsibilizazio-kanpainarekin, komunetik behera bota ezin diren produktuez ohartarazten duena. “Kutsatzaile emergenteak dira, hala nola botikak, makillajeak, produktu toxikoak eta sukaldeko olioak. Horien osagaiak saneamendu sareen bitartez iristen dira ibai eta itsasoetara zein gainerako ur-inguruneetara, nahi gabe edo nahita”, azaldu zuten.

Hori dela eta, Espainiako uraren eta paperaren sektoreek UNE 149002 estandar berria bultatzea erabaki dute. “Arau horren arabera, zapitxo bustiek eta komunetik bota daitezkeen bestelako produktuek zenbait betekizun bete behar dituzte alderdi hauei dagokienez: konposizioa, jalkitzeko ahalmena, dispertsioa, desintegrazioa eta biodegradazioa”, gehitu zuen Garciak.

Loma Jeneralaren plazan dagoen hodi-zatia ikusgai egongo da aste osoan zehar, mezuak irakurri ahal izateko eta zaborrak non bota daitezkeen ikasi ere. Dena den, Amvisako zuzendariak gogoratu zuen bezala, “etxeetan hustubidetik edo komunontzitik botatzen ditugun produktuek sortzen duten kutsadura gero eta kezkagarriagoa da”. Hori dela eta, zalantzaren bat izatekotan, zakarrontzia izango da aukerarik onena.

Pertsona. 4.200 milioi pertsona bizi dira munduan era seguruan kudeatutako saneamendu-zerbitzurik gabe. Gainera, 430.000 hiltzen dira urtero saneamendu faltak egarindako gaixotasunak direla kausa, “hesteetako gaitzak ugaritzeko faktore garrantzitsua baita”.