Gasteiz - “Bazkaria tresna bat da, urtean zehar mantenduko diren loturak sortzeko”. Angelines Ortiz de Arrizabaleta Aguraingoa da, eta hau Bizilagunak programan parte hartuko duen laugarren urtea izango da. “Sortu zenetik nabil murgilduta”, azaldu zuen. Bertako eta atzerritik etorritako familiak eta lagun taldeak elkarrekin bazkaltzeko egitasmoa da Bizilagunak. Duela lau urte sortu zen, CEAR Euskadi eta Arabako Foru Aldundiaren eskutik, Zurrumurruen aurkako estrategiaren barruan.

Azaroaren 17an ospatuko dira, berriz ere, proiektu honen bazkariak Arabako Lautadan, Kanpezu-Mendialdean, Aiaraldean, Arabako Errioxan eta Gasteizen, txoko eta etxe desberdinetan. Helburua esperientziak eta janaria jatorri desberdinetako pertsonen artean partekatzea da, haiei buruzko aurreiritziak alde batera uzteko eta “estigmak ezabatzeko”. Horrela azaldu zuten Nora Reyes, Angelines Ortiz de Arrizabaleta, Virginia Cid eta Nerea Melgosak atzo emandako prentsaurreko batean.

Nora Reyes Aguraingoa da. Duela 30 urte etorri zen Dominikar Errepublikatik. Bera ere, Angelines bezala, ALAI elkartean hartzen du parte, etorkinen integrazioa errazteko sortu zen boluntario lagun talde bat. “2004. urtean sortu genuen hau. Soilik lau etorkin ginen Agurainen, baina jendea etortzen joan zen eta horrela jaio zen, haiei babesa eskaintzeko”, azaldu zuen Reyesek, Bizilagunak proiektuaren inguruko prentsaurrekoan.

Angelines eta Nora gonbidatu eta gonbidatzaile gisa ibili dira lau urte hauetan zehar antolatutako bazkarietan. Horregatik, haien bizipenak kontatu nahi izan zituzten. Jendeak parte hartzera animatzeko asmoz. “Duela bi urte, esperientzia polit bat bizi nuen. Kaletik nenbilela, Boliviatik etorritako neska batekin egin nuen topo, eta antolatuko nuen bazkarira gonbidatu nuen. Hark ez zekien Bizilagunak programa zertan zetzan, eta azaldu nionean, etortzera animatu zen. Orain, harreman estua daukat berarekin, nire laguna da”, zioen Nora Reyesek.

Angelines Ortiz de Arrizabaletak bere esperientzia ere kontatu nahi izan zuen. “Bazkarien bidez, erlazio bat sortzen da, urtean zehar mantentzen dena. Pertsonen problemak eta zailtasunak ezagutzen dituzu, baina bere pozak ere”.

Proiektu hau hasi zenetik, CEAR Euskadik eta Arabako Foru Aldundiak lan egiten jarraitu dute. Pasa den urtean, 44 nazionalitate desberdinetako 1.000 pertsonatik gora lagunek hartu zuten parte. “Berrogeita lau nazionalitate batzeak hunkitzen nau”, adierazi zuen Angelinesek. Aurten ere, etxeek eta txokoek proiektu honen emaitzak jasoko dituzte.

Ekimen hau bultzatu duen CEAR Euskadiko kideak, Virginia Cidek, Bizilagunak programaren berezitasuna eta beharra azaldu zuen. “Azkenaldian, etengabe zabaltzen ari dira gezur arrazistak, diskurtso politiko populista eta xenofobiaz kutsatutako iritzi publikoaren korronteak. Horregatik, Bizilagunak ekimenak garrantzi berezia du, kulturaren ikuspegitik anitzak diren eguneroko espazioak sortzeko komunitateak egindako keinu kolektiboa baita”.

Nerea Melgosa, Berdintasunaren eta Giza eskubideen zuzendariak, programa honen sorrera gogoratu zuen, Zurrumurruen aurkako estrategia duela hiru urte sortu baitzuen Arabako Foru Aldundiak. Orain arte batutako emaitzak oso positiboak badira ere, zubiak eraikitzeko lan egiten jarraitu behar dela esan zuen Melgosak.

Azaroaren 17an ospatuko diren bazkarietan izena emateko aukera desberdinak daude, eta epea azaroaren zazpian amaituko da. Mezu bat bidali daiteke bizilagunak.araba@cear-euskadi.org posta elektronikora, 945 266 805 telefonora deitu daiteke edo WhatsAppen bidez, 688 812 944 zenbakian.

Web orrialdea Www.cear-euskadi.org/bizilagunak-una-convivencia-culturas-sin-rumores-xenofobos/ web orrialdean inprimaki bat bete daiteke datu guztiekin eta horrela parte hartzeko aukera egongo da. Bertan, janari berezitasunak, jatorria edota hizkuntzak adierazi beharko dira. Azken hau, hala ere, ez da oztopo izango. Izan ere, beharrezkoa bada, dinamizatzaile bat joango da komunikazioarekin laguntzeko.

Bazkariez gain, azaroaren 30ean Bizilagunak egitasmoan parte hartuko duten familiei eskerrak emateko ekitakdi bat antolatu dute UPV-EHUko Letren Fakultatean. Virginia Cidek aurreratu zuen sorpresaren bat egongo dela bertan.

Bi ekintza hauekin, bazkariekin eta jaiarekin, baita Amurrion ospatutako erakusleihoen kanpainarekin, zurrumurruak ezabatzen laguntzea espero dute. Angelinesentzat oso garrantzitsua da aniztasuna, beti sinestu izan du horretan eta sinesten jarraitzen du. Horregatik, Norak eta berak, ahal duten heinean parte hartzen jarraituko dute Bizilagunak programan eta Zurrumurruen aurkako estrategian.

7 de noviembre. La fecha límite para inscribirse a las comidas de Bizilagunak que se celebrarán el 17 de noviembre será el 7 de ese mismo mes.

Correo electrónico. Existen diferentes vías para inscribirse en esta edición de Bizilagunak. Una de ellas es el correo bizilagunak.araba@cear-euskadi.org.

Página web. En la web www.cear-euskadi.org/bizilagunak-una-convivencia-culturas-sin-rumores-xenofobos/ se puede rellenar el formulario.

Teléfono. Otra vía para apuntarse a la comida es el teléfono 945 266 805. También se puede hacer a través de WhatsApp, en el 688 812 944.x

Esta vecina de Agurain, que vino de República Dominicana, lleva participando en el programa Bizilagunak desde su comienzo.

1.000

En la edición anterior del programa Bizilagunak, más de mil personas de 44 nacionalidades diferentes participaron en las distintas comidas organizadas en todo el territorio alavés.