Gasteiz- “Euskara kalera atera behar dugu”. Guztiz ados ideia horrekin, 650 mintzalagun baino gehiago erosotasunetik irtetzen saiatzen dira astero Gasteizen, naturaltasunez eguneroko bizitzan euskara integratzeko asmoz. Gasteizko Mintzalagun programan izena emateko epea zabalik da. Hala, mintzapraktika egin nahi duten gasteiztarrek urriaren 31ra bitartean izango dute aukera egitasmoan izena emateko. TÚtik GUra. Ongi etorri Mintzalagunon Mundura! da programaren aurtengo leloa, eta euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta mintzapraktika egin nahi dutenak biltzea du helburu.
Gero eta jende gehiagok du euskaraz hitz egiteko gaitasuna, eta Gasteizen eta Araban euskaldunon kopuruak gora egin du nabarmen azken urteotan. Hizkuntzaren erabileran dago erronka. Euskararen ezagutza gero eta handiagoa den bitartean praktikak ez du hainbeste gora egiten Araban. Zergatik? Hainbat arrazoi daude, besteak beste, euskara ikasten ari direnak ez dira euskaraz hitz egitera animatzen; hizkuntza jakin eta menperatu arren, lagun askok euskaraz aritzeko aukera gutxi dituzte; nahiz eta euskaldunak izan, ohituraz euskaraz gutxi egiten dute beste batzuek.
Arazo horiei aurre egiteko eta ezagutza eta praktikaren arteko espazioa irabazteko, Gasteizko Mintzalagun egitasmoak gogor egiten du lan. GEU elkarteak euskara praktikatzeko egitasmo hau kudeatzen du, orain dela hamar urte baino gehiago. Mintzalagunaren dinamika sinplea da: euskaraz hitz egiteko lagun talde batekin elkartzea astean behin. Astero, gutxienez, ordubetez elkartzearena da hartzen duten konpromisoa. Iaz, esaterako, 650 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Gasteizko Mintzalagunean, 90 taldetan banatuta, hiriko taberna ezberdinetan elkartuz.
Praktikatzeko premia dutenak baita euskaraz ondo moldatzen diren lagunak ere animatu nahi dituzte GEU elkarteko teknikari Zuriñe Gil eta Dorleta Martínez de Albénizek. “Euskara erabileran eragitea da gure erronka. Ezagutzatik erabilerara pasatzea, jauzi hori egitea. Non? Kalean, gure harreman emozionaletan, lanean, kirolean, aisialdian, ... arlo guztietan”, aipatu dute GEU elkarteko teknikariek.
Izena emateko urratsak Gasteizko Mintzalagun programan izateko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea. Izena emateko informazioa www.gasteizkomintzalaguna.eus atarian dago eskura. Era berean, 640574996 telefonoan whatsapp zerbitzuaren bitartez informazio eman edota zalantzak argitzeko aukera dago.
Giro informal eta lasai batean euskaraz hitz egiteko gunerik aproposenak dira Mintzalagun taldeak, presiorik gabe. Bospasei laguneko taldeak dira. Hizkuntza gaitasuna hobetzen dute eta hizketarako lotsa galtzen dute parte-hartzaileek. Gainera, segurtasuna lortzen dute eta konfiantzazko giroan soltura edo jariotasuna irabazten dute. Beste batzuek inguruko euskaldunei euskaraz bizitzen lagunduz euskarari ekarpena egiten diote.
Iaz hasi zen Mintzalagun egitasmoan Colomi Álvarez de Eulate. “Hasi naiz mintzalagun talde batean Salburuan, batez ere euskaraz hitz egiten dudan bakoitzean beldurra kentzeko”, adierazi du Colomik. Bere kasuan, nahiz eta familiarekin eta lanean euskaraz hitz egiteko aukera daukan, orain arte ez ditu egoera horiek aprobetxatu. “Baina oraintxe bertan ikasten ari naiz, eta aldi berean mintzalagun talde batean parte hartzen dut. Horregatik, pentsatu dut hau dela momenturik aproposena euskara integratzeko nire bizitzan”.
kuadrillak sortzen dira Talde gehienetan sekulako giroa sortzen da, izan ere, badira mintzapraktika talde izatetik lagun talde bilakatu direnak. Mintzalagun egitasmoko teknikariak diren Zuriñe Gil eta Dorleta Martínez de Albénizen ustetan, Mintzalagun talde bezala hasi zena, lagun taldea da ikasturte amaieran. Praktikatzeaz gain, beraz, lagun euskaldunak egiteko aukera ere eskaintzen du programak.
Goyi Martínez Urarte 2011n euskara ikasten hasi zen, eta hurrengo urtean Mintzalagunean izena eman zuen. “Oposizioak prestatzen nituen bitartean, konturatu nintzen euskara oso garrantzitsua zela, eta euskaltegian hasi nintzen. Urtebete pasa ondoren, euskaraz hitz egitea ere oso inportantea zela ikusi nuen, horregatik geroztik hona Mintzalagunean parte hartzen dut”, aipatu du Goyik.
Zortzi urtez talde berean egon da, eta gaur egun lagunak dira, ez bakarrik mintzalagunak. “Giro oso ona da, eta Alde Zaharrean astean behin elkartzeaz gain, gure kabuz ekintza desberdinak antolatzen ditugu”, adierazi du.
erronka Mintzalaguntzailea da Mikel Querejeta. Euskaraz ondo moldatzen da eta ikasten ari direnei laguntzeko aritzen da, Gasteizko mintzalagun talde batean dinamizatzaile gisa. Mikelek euskararekin izan duen esperientzia berezia izan da. “18 urte arte euskara ez zen existitzen nire bizitzan, A ereduan ikasi nuelako. Unibertsitatean Magisteritza ikasi nuen, eta momentu horretan erronka polita sortu zitzaidan klasean beste hizkuntza bat zegoelako. Horregatik euskara ikasten hasi nintzen. Gaur egun euskarak parte hartzen du nire bizitzan naturaltasunez”, gogoratu du.
Magisteritza bukatu ondoren, EGA titulua lortu zuen. Lanean hasi zen Bizkaiko herri txiki batean, dena euskaraz ikastetxe batean?. Eta 11 urte irakaskuntzan pasa ondoren Gasteizera heldu zen. Orain dela lau urte, lankide batek proposatu zion mintza talde batean parte hartzea. Gaur egun lagun on bihurtu dira. Ostegunero biltzen dira, euskaraz hitz egiteko taberna batean. Lau aukera baino gehiago dituzte astero elkartzeko: El Parral tabernan, Kutxi eta Zapa kaleetan zehar, Bodegon tabernan, Gorbeia kalean, Judizmendi eta Salburua auzoetan,...
“Inportantea da gure eguneroko bizitzan euskara integratzea, ez bakarrik Mintzalagunean astean behin”, adierazi du Mikelek. “Taldekoak konturatu ginen Araban eta Gasteizen antolatutako ekintza kulturalen erdia baino gehiago euskaraz ospatzen direla. Horregatik, astean behin elkartzeaz gain, beste gauza batzuk egiten ditugu taldekoek asteburu batzuetan, adibidez, Oihanederren antolatutako ekintzetan parte hartzen dugu”.
Ohitura. Euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte Mintzapraktika egitasmoek, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko.
Informazioa jasotzeko. Parte hartzeko baldintza bakarrak dira euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea. Izena emateko informazioa www.gasteizkomintzalaguna.eus atarian dago eskura. Era berean, 640574996 telefonoan whatsapp zerbitzuaren bitartez informazioa eman edota zalantzak argitzeko aukera dago.
Epea zabalik da. Gasteizko Mintzalagun programan izena emateko epea zabalik da. Hala, mintzapraktika egin nahi duten gasteiztarrek urriaren 31ra bitartean izango dute aukera egitasmoan izena emateko. TÚtik GUra. Ongi etorri Mintzalagunon Mundura! da programaren aurtengo leloa.
Zergatik hartzen dute parte? Astean behin, ordubetez eta talde txikietan (5-6 pertsona inguru) elkartu ohi dira Gasteizko mintzalagunak. Batzuek euskaraz gehiago hitz egin nahi dutelako ematen dute izena; beste batzuek, ordea, ikasitakoa ez galtzeko eta segurtasuna lortzeko, edo inguruko euskaldunei euskaraz bizitzen lagunduz euskarari ekarpena egiteko.
650
GEUk euskara praktikatzeko egitasmo hau kudeatzen du, orain dela hamar urte baino gehiago. Iaz, esaterako, 650 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, 90 taldetan banatuta, gutxienez astean ordubetez eta hiriko taberna ezberdinetan elkartuz.