GASTEIZ - Oihaneder euskararen etxea-kafe antzokia proiektu irekia da, euskara eta bere kultura erakutsi nahi duena, “guztiona eta guztiontzat”, eta bost urteko lana eta gero, erreferentzia gunea bihurtu dela esan daiteke. Izan ere, datorren 15ean Oihaneder euskararen etxeak bere bosgarren urteurrena ospatuko du eta 25ean festa txiki bat eskeiniko du Farelina tabernan, 20:00etatik aurrera, ospakizun sozial batekin. Saio irekia izango da, jan-edatekoak, dj saio parte-hartzailea, opariak eta sorpresak egongo dira.
Oihanederreko programazioak euskara ardatz eta lanabes izanik, bost helburu nagusitan oinarritu da bere sorreratik: euskararen erabilera sustatzea, euskarazko sorkuntza suspertzea, euskararen normalizazioan diharduten eragileen sarea trinkotzea, kultur erreferente bilakatzea eta euskara nahiz bestelako hizkuntza gutxituak bere aniztasunean aztertzea.
Eta bost helburu hauek argi izanda, euskararen etxeak gasteiztar guztientzat egiten du lan, baina batez ere, kultura maite dutenentzat, baita euskaltzaleentzat ere. Izan ere, “euskaldunentzat arnasgune bat izan nahi du proiektu honek; beraz, elkarte hau kontuan izatea ezinbestekoa da. Baina eskaintzen duguna kultura da, hortaz, kurturzaleei zuzenduta dago, hots, kulturzale euskaldunei eta euskal kultura maite dutenei, oro har”, azaldu dute egunkari honetan Iker Durana, Lukas Etxeberria eta Iñaki Lazkanok, Oihaneder euskararen etxea-kafe antzokia egitasmoa sustatzen duen Lazarraga kultur elkarteko kideak.
Oihaneder orain dela bost urte jaio zen eta proiektua martxan jarri zenean, hiriarentzako proiektu estrategiko bezala aurkeztu zen; ia hasieratik euskararen etxe honek harrera ona izan zuen gasteiztarren artean.
KAFE-ANTZOKIA “Bost urte hauetan babes eta elkarlan proposamen ugari jaso ditugu, bai talde euskaltzaleen aldetik, bai kultura arloko eragile ugarirengandik, zein norbanako sortzaile edo euskaltzaleen partetik ere”, adierazi du Iñaki Lazkanok.
Eta, zentzu honetan, Lazkanok esan du kontaezinak direla jasotako mezu elektroniko eta telefono deiak -“astero jasotzen dugu elkarlanerako proposamenen bat”-Euskararen etxea perfekziora garatu eta landu duten bitartean, Gasteizko kafe-antzokia ere lantzen joan dira pixkanaka-pixkanaka. “Lazarraga kultur elkartean azterketa eta hausnarketa ezberdinak egiten ibili gara bost urte hauetan eta horretan darraigu: balizko izaera juridikoa, kudeaketa eredua eta bideragarritasun ekonomikoa, kasu”, argitu du Lazkanok. “Garrantzi handia ematen diegu alor horiei guztiei. Beti esan izan dugu edukiontzia bezain garrantzitsua dela edukia, eta horregatik egitasmo kultural honetarako ondoen egokitu daitekeen egitura zein den argitzeak asko arduratu gaitu”.
Oihanederren agenda beti da oso betea: hilaren 17an, adibidez, Gasteiztarrak Arraun the world 2019 erakusketa abiatuko da, Jovellanos aretoan. Hile honen 22an, Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordearekin elkarlanean, euskaraz nola bokalizatzen den ikasteko eta irakasteko ikastaroa ere egingo dute. Saio teoriko-praktikoa izango da, irakasleei, etorkizuneko irakasleei, esatariei eta, oro har, euskara bokalizatzen ikasteko interesa duten guztiei zuzendua. Eta hainbeste planekin, zein politena? “Gauza ezberdinak aipatu daitezke baina proiektuaren filosofia aintzat hartuta, urte hauetan bereziki Gasteizko eta Euskal Herriko kultura eta euskararen munduko hainbat eragilerekin egindako elkarlana azpimarratuko genuke”, diote hirurak. Eta gehitzen dute: “asko izan dira elkarlan horren bitartez gauzatutako ekimenak. Eta proiektua erreferentzialtasuna lortzen joan den heinean, iritsi zaizkigun proposamen kopuruak nabarmen egin du gora. Lagungarria da oso, gauzak norabide onean egiten ari garen seinale. Halere, asko dago egiteko eta hobetzeko”.
Horrez gain, Oihaneder euskararen etxetik azpimarratu nahi dute lortutako ererreferentzialtasuna eta bidean lagun egin duten publiko guztia. “Urtero- urtero 10.000 lagun inguru hurbildu dira Oihaneder euskararen etxean antolatutako jarduera ezberdinetara. Gasteizko euskaldunak edo euskalduntze bidean dauden lagunak horrelako leku baten egarri ziren, eta gure urak egarri guztiak asetu ez dituen arren -oraindik kafe antzokia falta delako- esan dezakegu oasi kultural eder bat jarri dugula martxan”.
Eta aipatutako “oasi kultural” hori denon mesederako da; euskara dakiten guztientzat, jakin nahi dutenentzat eta ikasten ari direnentzat ere. Izan ere, Oihaneder ez da euskara hutsetik ikasteko gunea soilik, are gehiago motibatzeko eta ikaskuntzaren bidean bultzatzeko lan handia egiten du. “Azaldu dugun bezala, euskaldun guztiontzako arnasgune eta gune erreferente izan nahi du Oihanederrek. Eta guztiontzat esaten dugunean, euskara ikasten ari direnak ere aintzat hartzen ditugu”, aipatzen dute hiru kideek.
Alabaina, Oihanederrek lau urtez jarraian, Gasteizko euskaltegi ezberdinekin elkarlanean, ikasleei zuzendutako jarduera bat martxan dute, Euskara pantaila handian du izena eta euskal zinema eskaintzen diete hilean behin goiz eta arratsaldez. “Gure etxea ez da euskaltegi bat, ez da euskara ikasteko leku bat, baina jakin gabe ere, euskarara gerturatzeko eta erreferente kulturalak ezagutzeko gunea izan nahi dugu. Horrez gain, ikasitakoa praktikan jartzeko gune aproposa dela uste dugu eta guk aukera ugari eskaintzen ditugu horretarako”.
elkar ezagutu Bere erabilera eta ikaskuntza bultzatzeaz gain, beste xedeetako bat Gasteizko euskaldunak elkar ezagutzeko gunea bultzatzea da. “Euskaldunentzat ateak zeharkatzen dituzten unetik euskaraz lasai asko aritzeko tokia dela sentitzea da, zenbaitetan euskaldun batzuek dituzten lotsak alde batera uzteko lekua”, esaten du Lazkanok. “Gasteizko euskaldunon komunitatea trinkotzeko lanean ari garela garbi daukagu. Hirian martxan diren beste ekimenekin batera ari gara bidea egiten”.
Bost urteko lana eta ahaleginak Oihanederren emaitzak ematen ari dira, ia hasieratik, baina gero eta gehiago. Nola lortu dute? Egiten denan sinetsis. “Bidea zaila edo erraza izaten ari zen ez dugu buruan asko izan. Proiektuak sinestea, konstanteak izatea eta jarrera eraikitzailea mantentzea izan dira gure lan ardatzak”, esaten dute hirurek. Eta gehitzen dute: “zerotik abiatutako egitasmo bat izan da, eta esan dezakegu bost urtetan nahiko egonkortua dagoela, Euskal Herri osoan dela ezaguna eta etorkizunerako garapen bide ugari eta egokiak landu ditugula”.
Bestalde, Oihanederren ere euskararen normalizazioaren alde egiten dute lan. “Oraintxe bertan Gasteizen talde ta norbanako ugari ari dira euskararen normalizazioan eragin nahian, Oihaneder Euskararen etxeak, eta proiektuak bere osotasunean, eragile horientzako lagungarri izan daitekeen gune eta lanabesa izateko bokazioa du”, aitortu dute kideek. “Denon artean ekosistema erakargarri bat osatu behar dugu, euskararen erabilera aregotzeko eta Gasteizko milaka euskaltzaleak aktibatzeko”.
Oihanederreko kideek, aspalditik zebiltzaten Gasteizko euskaltzaleak euskararen erabilera eta euskaldunen komunitatea aktibatuko zuen proiektu kultural baten beharra aldarrikatzen. Eta lan gogorra egin dute beraien helburu guztiak lortu ahal izateko, baina bost urte hauetako ibilbidea ikusiz, lortu dutela argi utzi dute.