gasteiz - Arabako herrietako kaleetan zehar gero eta gehiago euskaraz egiten ari da jendea hamaika egun hauetan. Euskaraldiari esker, parte hartzen duten herritarrek euskaraz ekiten diote egunari. “Lehen hitza beti euskaraz egiten dut. Ohitura hori sakonki barneratuta daukat”, adierazi du Ion Elizondok, Apinaizkoa. Arabako ekialdean dagoen herri txiki bat da, Arraia-Maeztu udalerriaren barruan kokaturik.
apinaiz Bere herrian elkarrizketa gehiago euskaraz entzuten ari dira. “Euskaraldian parte hartzen dugunon artean nabarmena da. Baina orokorrean herritaren kontzientzia maila baxua da. Lagunartekoan eta tabernan batez ere gure hizkuntza entzuten da”, nabarmendu du 24 urteko gazteak.
Apinaizko herritar kopuruaren portzentaje baxu batek hitz egiten du euskaraz bere egunerokotasunean. Ion Elizondok ahobizi rola aukeratu du eta lagunen artean, adibidez, oso ondo moldatzen ari da. “Nahiz eta gazteleraz hitz egin, nirekin euskaraz egiteko esfortzua egiten dute lagun batzuek”, aipatu du Ionek. Etxean, ordea, familiako giroa erdalduna da.
Momentuz, gaztelaniaz hitz egiten duten ezagunekin euskaraz egitea zailena egiten zaio, baina bere giroa euskalduntzeko helburu tinkoz. “Azken finean gazteleraz hitz egiteko ohitura nuen ezagunekin, horregatik ezagunekin hitz egiteko orduan molde hori apurtzeko aukera paregabea nuen”. “Nahiz eta askotan ohiturak aldatzeko zailtasunak izan, orokorrean ondo moldatzen ari naiz. Egoera berria ezagutu ondoren, jendeak laguntza plazaratzen du normalean. Horrek euskara gehiago erabiltzea erraztu du”.
agurain Ana Fernández Aguraingo dendaria Euskaraldian ari da parte hartzen, eta Belarriprest rola aukeratu du. Egun hauetan bezero guztiei egiten die hasierako eta bukaerako agurra euskaraz. “Lehenengo eta bigarren hitza euskaraz egiten dugu, gero aldatzen naiz, depende de en qué idioma me hablen”, esan du Anak. Aguraingo tabernetan gehiago entzuten da hizkuntza Euskaraldian zehar. “75ordu euskaraz egin genuenean aktibitate asko antolatu zituzten, eta horri esker jendea kalean zegoen eta euskara gehiago entzuten zen. Baina Euskaraldiarekin cada uno hace su vida diaria y no es tan evidente”, adierazi du Aguraingo dendariak.
Bere kasuan, bai etxean bai lanean euskaraz egiten du. “Etxean ondo moldatzen naiz, bi belarriprest gara, orduan euskaraz egiten dugu normalean, zer edo zer oso zaila esan nahi badugu erderaz eta listo. Lanean ia dena euskaraz, bezeroekin, banatzaileekin, ..., baina beti bezala, ez bakarrik Euskaraldian”.
kanpezu Kanpenzun bizi den kanpotarra da Lu Serra, 39 urtekoa eta Argentinan jaioa. “Herrian ez dut alde handirik nabaritu. Betiko euskaldunek jarraitzen dute euskaraz. Herrian denok ezagutzen dugu elkar eta badakigu norekin bai, norekin ez, txapaz aparte”, adierazi du Lu Serrak. Ahobizi rola hartu du eta ondo moldatzen da 11 egun hauetan, “nahiz eta ezagun batzuekin zailena izan”, eta ez du alde handirik nabaritu berak jarraitzen duelako euskaraz hitz egiten betiko egoeretan. Lehen hitza euskaraz egiten ari da Lu, baina egoeraren arabera. Adibidez, bere ingeleseko klaseetan ingelesez esaten du lehenengo hitza. “Lankide berria daukat, neskak normalean ez du euskaraz hitz egiten, baina ezagun berriak garen lez, arazorik gabe adostu dugu harremana euskaraz sortzea eta oso ondo doa. Ea zer gertatuko den Euskaraldia bukatu eta gero”, adierazi du.
“Etxean erabiltzen dut Euskaraldia hitza nire umeak erdarara pasatzen direnean, eta gehienetan funtzionatzen du. Eta lagunekin elkarrizketa osoa euskaraz mantentzea zailena da, izan ere, batzuetan kontatzen ari gara zerbait sakona edo sentipenez beteta eta euskarari eustea zaila egiten da”.
Egoera bat aipatzearren, Lu Serrak kontatu digu zer gertatu zitzaion lanean ariketa sozialaren hasieran. “Euskaraldiaren lehenengo egunean, ikastetxeko idazkaritzan bi neska zeuden. Biek ahobizi txapa zeramaten soinean. Beraz, beraiei euskaraz noski egin nien, eta haiek guri euskaraz ere hitz egin ziguten. Harrigarria izan zen gero ikustea haien bien artean gaztelaniaz hitz egiten zutela. Dirudienez, ohiturak indartsuagoak dira”.