gasteiz - 696 lagunek eman dute izena eta 82 talde osatu dira Gasteizko Mintalagunean 2017/18 ikasturtean, egitasmoa hasi zenetik parte-hartzaile kopuru handiena izan da. Hamar urte bete ditu programak 2017. urtean, GEU elkarteak, Gasteizko euskalgintzaren eta beste hainbat eragileren ekimenez, abian jarri zuenetik. Ikasturte honetan aurrekoan baino 38 matrikula gehiago jaso dituzte. Bai Gasteizen bai Euskal Herri osoan gero eta jende gehiago ari da bihurtzen berbalagun, solaslagun, mintzakide edo mintzalagun, eskatzen duena baino askoz gehiago ematen duelako esperientzia honek.

Zer egin behar da Mintzalagun sarean parte hartzeko? Zein da gutxieneko euskararen maila talde batean sartzeko? Mintzalagun izateko euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea, bi baldintza horiek, bete behar dira. Euskaraz mintzatzeko gaitasun hori mailakatzea zaila izan daiteke, baina gehienetan B1.2 perfiletik gorakoek entzuten duten gehiena ulertu eta euskaraz klasetik kanpo hitz egiteko ahalmena dute.

Jasotako datuak kontuan hartuta, adinari dagokionean Mintzalagunean dagoen bataz-bestekoa 48 urtekoa da. Orokorrean mintzalaguntzaileen adina mintzalagunena baino zertxobait nagusiagoa da. Zehazki, 48 urtekoa mintzalagunen kasuan eta 49 urtekoa mintzalaguntzaileen artean. Parte-hartzailerik nagusienak 80 urte ditu eta gazteenak, berriz, 18 urte.

Bestalde, beti gertatu den moduan, Gasteizko Mintzalagunean parte hartzen dutenen artean emakumeak dira nagusi, 493 (%71) emakumezko 200 (%29) gizonezkoren aurrean.

25 LAGUN hasieratik 2017ko urriaren 28an, Geu elkarteak 25 urte betetzen zituela ospatzeko Egin Dezagun Kale jaialdia antolatu zuten, eta bertan leku berezia izan zuten Mintzalagunean urteak daramatzaten lagunek. Bazkalostean omenalditxo xume batekin eskertu nahi izan zuten beraien urteetako lana eta ahalegina.

Gaur egun badira hasieratik parte hartzen duten zenbat kide. 2007 eta 2008 urteetan izena eman zuten 25 kide mantentzen dira gaur-gaurkoz Mintzalagunean aktibo.

Egitasmoak hamar urte bete ditu. Lehenengo urtean ehun lagun hasi ziren astero astero ordubetez euskaraz mintzatzeko elkartzen. Kopuru hori biderkatzen joan da urtez urte, eta dagoeneko Araban 1.000 mintzalagun inguru daude. Hiriburuan elkartzen dira gehienak, 700 lagunek osatzen dute Mintzalagunen sarea Gasteizen. Gainontzekoak, Aiaraldean, Gorbeialdean, Lautadan, Mendialdean eta Arabako Errioxan elkartzen dira. Gasteizko Mintzalagunen %37 estreinakoz eman dute aurten izena.