gasteiz - Zeintzuk dira Arabako kuadrilla bakoitzaren ezaugarriak? Ezaugarri horiek zer diote kuadrilla horrek izan dezakeen bilakaeraz? Non daude kuadrilla bakoitzaren indarguneak, non ahuleziak? Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduren ekimenez Gaindegiak egindako Arabako Lurralde iraunkortasunerako diagnostikoa aurkeztu dute. Euskal Herriaren garapen sozioekonomikorako behatokia da Gaindegia. Enpresa munduko pertsonek, unibertsitatekoek eta organismo sozial, sindikal eta komunikazioetakoek hartzen dute parte.

Arabako kuadrillen argazki sozioekonomikoa egitea izan da lan horren xedea. Konklusioen artean honako hau agertu da: desoreka ekonomiko handiak daude Araban, eta hegoaldeak (Trebiñu, Kanpezu eta Añana) ditu gabeziarik handienak. Argazki horretan arreta berezia jarri nahi izan dute lurralde eremu hauetako bakoitzak iraunkortasun estrategia bat garatzeko dituen parametroen neurketa eta konparaketan.

Horrela, azterlan horrek lau kapitulu nagusi ditu: lurralde egitura eta mugikortasuna; jarduera eta egitura ekonomikoa; kohesio soziala eta metabolismo demografikoa. Atal horien baitan arreta berezia jarri dute egiturako auzi jakinetan, hala nola, mugikortasuna, ekipamenduak, jarduera ekonomikoak, biztanleria aktiboaren kualifikazioa, ?

hiria eta landa Araba da euskal lurraldeen artean hiria eta landaren arteko desorekarik argiena duena (biztanleen %75,1 Gasteizen bizi da, lurraldearen %8,5ean, Trebiñu aintzat hartuta). Euskal Herriko biztanleriaren dentsitatea handia da. Euskal Autonomia Erkidegoan Espainian baino 3,5 aldiz handiagoa da. Dentsitaterik handienak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean daude. Bigarren maila batean Arabako eta Nafarroako hiriburuetan, eta horien barruan industria nukleo handietan. Dentsitate txikienak Arabako Lautada eta Nafarroako barrualdean daude.

Laster hamar urte beteko dira nazioarteko gorabehera ekonomikoek Arabako egitura ekonomikoan sakoneko eraldaketak eragin zituenetik. Ezagunak dira urte hauetan ikuspegi makroekonomikotik nozitutako aldaketa nagusiak (higiezinen burbuilaren amaiera, 1960-70 hamarkadetako industria ereduari eusteko zailtasunak, ?). Nabarmendu beharra dago 2008/2012 epealdian Arabako bost udalerritik lautan pertsonako BPGa apaldu egin dela (herrialde baten jarduera ekonomikoa neurtzeko zuzeneko informazioa ematen duen magnitudea da BPG, Barne Produktu Gordina).

Badakigu lana ekoizpen-faktore bat dela: enpresek langileak behar dituzte produktuak fabrikatzeko. Beraz, BPGa handiagoa baldin bada -hau da, gehiago fabrikatu behar badute enpresek-, langile gehiago beharko dituzte. Horrela, langabetuen kopurua eta langabezia-tasa murriztu egingo dira. Aldiz, BPGa murrizten denean, enpresek langile gutxiago beharko dituzte, eta langabezia-tasak gora egingo du.

Hori guztia dela eta, Araban 2017. urteko bigarren hiruhilekoan langabezia tasa %11,6koa izan da, Euskal Autonomia Erkidegoan baino zertxobait handiagoa. Arabako langabezia maila handiena Arabar Errioxa, Aiara eta Gasteizen dago. Langabeziaren fenomenoa hiriburuetan metatu ohi da, eta Araban ere, hala gertatzen da.

langabezia Edonola ere, herrialdeko eremu periferikoetan, hegoaldean gehienbat, langabeziaren eragina nabarmena da. Adibidez, 2015. urtean Arabako langabezia-tasa %15,7koa da, Euskadin baino zertxobait apalagoa. Urte berean, Arabako 18 udalerritan langabezia-tasa herrialdeko bataz bestekoaren gainetik kokatzen da: hauen artean, Oion (24,7), Zanbrana (24,5), Moreda Araba (24), Berantevilla (22,5), Elciego (21,2), Iekora (20,2) eta Labastida (19,7).

Langabeziaren intzidentzia mugatua da, ordea, Harana, Bernedo edo Elburgo/Burgelu bezalako landa-eremuko beste zenbait Arabako udalerri txikietan.

Beste aldetik, Araban kualifikazio handiko enplegua dutenen proportzio handiena Gorbeialdeko kuadrillan bizi dira (2011). Horrek ez du esan nahi kuadrillan bertan lan egiten dutenik, ezta gutxiago ere. Herrialdeko hegoaldean (Trebiñun, Arabar Errioxan eta Kanpezuko kuadrilletan), ordea, kualifikazio handiko enplegudun gutxi bizi dira. Gainera, oinarrizko lanbideek pisu oso handia hartu dute azken lau urteotan Arabako kontratazio bolumenean, batez ere Arabar Errioxan.

Hain zuzen ere, non kokatzen da lan errenta (eta errenta erabilgarria) handiena? Lautada, Gasteiz eta Gorbeialdeko kuadrilletako bataz besteko errentak Arabakoaren gainetik daude. Aldiz, tarte handiagatik errenta pertsonal txikiena Arabar Errioxan kokatzen da. 2009. urteaz geroztik herrialdeko bataz besteko errentak jaitsiera nabarmena izan du (-%3,2), eta jaitsiera hori, are handiagoa izan da Añanan, Lautadan eta Gasteizen.

KONTRATAZIOA Lan merkatuko kontratazio bolumenari dagokionez, aipatu beharra dago 2012/2016 epealdian kontratazio mugagabeek hedadura murritza izan dutela lurraldean. Izan ere, Gorbeialdean eta Gasteizen metatu dira; Arabar Errioxan, Lautadan eta Aiaran, ordea, presentzia eskasa izan dute.

Herrialdean azken lau urteotako kontratazio bolumenaren %5,7a mugagabea izan da. Proportzio horren azpitik kokatzen dira hamar udalerritik zazpi. Hots, kontratazio mugagabeak lurralde hedadura murritza dauka. Kontratazio mugagabearen proportzio handiena izan duten udalerrien artean, aipatzekoak dira Lagran, Erriberagoitia, Zuia, Legutio, Iruña Oka, Argantzun, San Millán/Donemiliaga eta Zigoitia. Gasteiz herrialdeko bataz bestekoaren gainetik kokatzen da ere.

Genero ikuspegitik, diferentzia txikia izan arren, emakumezkoek gizonezkoek baino aukera zertxobait handixeagoa izan dute kontratazio mugagabe bat lortzeko. 2012/2016 epealdian herrialdeko emakumezkoen kontratazio bolumenean kontratu mugagabeek %6,3a osatu dute. Nola edo hala, agerizkoa da kontratazio mugagabearen presentzia handia emakumezkoen kontratazio mugagabe maila handiarekin bat datorrela.

gazteak Gazteen artean emandako ehun kontratuko soilik lau mugagabeak izan dira azken lau urte hauetan (%4,0). Herrialdeko proportzio apal horrek ez du lurraldearen gaineko hedadura handirik. 2012. urtetik gazteen kontratazio mugagabeen bolumen handiena Urkabustaiz, Kanpezu, Iruña Oka, Legutio eta Zigoitian gertatu da. Txostenaren arabera, gazteen kontratazio mugagabearen presentziak harremana dauka guztizko kontratazio mugagabearen presentzia indartsuarekin. 2012/2016 epealdian 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean kontratazio mugagabea oso urria izan da ia geografia osoan. Zentzu honetan, Gorbeialdea eta Gasteiz dira kontratazioari dagokionez zantzu positiboenak dituzten kuadrillak. Egoera kaxkarragoa da Arabar Errioxan eta Lautadan.