gasteiz - Normaltasunez erabiltzen dute euskara, bai ikasketetan bai lanean. Are gehiago, ez daukate arazorik euskaraz komunikatzeko. Hala ere, Gasteizko hainbat gaztek min-tzalagun talde batean parte hartzea erabaki dute, batez ere lagun berri eta euskaldunak ezagutzeko asmoz. Mentxu, Laura, Nereida, Alberto eta Saray dira mintzalagun gazte taldeko kideak. Gazte giroan murgildu eta euskaraz mintzatu nahi dute. Bostak eta lagun batzuk gehiago Kutxi kalean dagoen Dazz tabernan elkartzen dira asteartero, arratsaldeko zortzietan. “Betiko lagunak erdaldunak dira, eta talde honetan lagun berri eta euskaldunak ezagutu ditut”, adierazi du Sarayk.

Mentxuren kasuan, berak euskaltegian ikasi zuen. “Euskara euskaltegitik ateratzeko asmoz hartzen dut parte mintzalagun talde honetan, beste testuinguru batean hizkuntza praktikatzeko”. Nahiz eta bere lagunek euskara ezagutu eta gehienak euskaldunak izan, gaztelaniaz hitz egiten dute elkarrekin.

“Horregatik, oso erabilgarria da, nolabait, talde berri bat ezagutzea lehenengo momentutik euskaraz hitz egiteko”, esan du Mentxuk. Bere ustez, lehenengo momentutik lagunekin erdaraz hitz egiten badute, zaila baina zailagoa da euskara erabiltzea lagun horiekin.

Saray euskaraz ari da ikasten Magisteritza Gasteizen. Batxilergoa gaztelaniaz ikasi zuen, baina unibertsitatean euskaraz ikastea erabaki zuen. “Lehenengo hilabeteak nahiko gogorrak izan ziren beste ikaskide batzuk ulertzeko, batzuk Ondarroakoak direlako, eta hasieran asko kostatu zitzaidan elkarrizketa batzuetan parte hartzea normaltasunez. Erronka handia izan zen, baina gaur egun oso pozik nago euskaraz ikasten dudalako”.

Laura Garcíaren kasuan, orain dela sei edo zazpi urtetik parte hartzen du mintzalagunean. “Nire lehenengo taldea desagertu zen, jendeak ez zuelako jarraitu nahi, eta beste neska eta biok jarraitzea erabaki genuen”. Beraz, arduradunek beste talde bat bilatu zuten.

Nereida iaz hasi zen mintzalagunean, batez ere lotsa galtzeko. “Giro ona daukagu, astean behin elkartzen gara Dazz tabernan, geure gauzetaz hitz egiteko lagunen artean, euskaltegian ez daukagu aukera hori”.

Albertok argi dauka lagunen artean gehiago ikasten dela, batez ere egunerokotasunari buruz hitz egiten badute.

Ordubeteko konpromisoa Astean ordubeteko konpromisoa ez da oso handia, hala ere, euskarari ekarpen handia egiten diote: euskaldun kopurua handitzen laguntzen dute, eta beraiek ere euskaraz bizitzeko aukera gehiago izaten dute. Lotsa alde batera utzi eta probatzera animatu nahi dituzte praktikatzeko premia dutenak baita euskaraz ondo moldatzen diren lagunak ere.

Ikasturte amaieran mintzalagun talde bezala hasi zena, lagun talde bihurtu ohi da. “Praktikatzeaz gain, beraz, lagun euskaldunak egiteko aukera ematen du mintzalagunak”, aitortu du mintzalagun egitasmoaren arduraduna Zuriñe Gilek.

Beste ekintza batzuetan hartzen dute parte elkarrekin. “Iaz geure kabuz sagardotegira joan ginen asteburu osoa pasatzeko, pisu bat alokatu genuen”, gogoratu du Sarayk. Afari batzuk antolatu dituzte, eta kontzertu batera joan dira elkarrekin. Mentxuk adierazi duenaren arabera, mintzalagun egitasmoaren barnean badaude hainbeste ekintza osagarri mintzalagunek parte hartzeko, adibidez, antzerkira eta zinemara joan daiteke deskontuekin.

Euskararen egoera Euskararen erabileraz mintzatu dira gure gazteak. Haien ustez, gero eta aukera gehiago daude Gasteizen euskara erabiltzeko. Eta ez bakarrik Kutxi kalean edo alde zaharrean, auzo berrietan ere bai (Salburua eta Zabalganan). Adibidez, gero eta guraso gehiagok euskaraz hitz egiten dute umeekin parkeetan, eta gazte gehiagok erabiltzen dute hizkun-tza. “Gogoratzen dut lehen, Kutxi kalean izan ezik, beste auzoetan oso arraroa zela euskara entzutea”, aipatu du Mentxuk. “Gaur egun, ordea, taberna eta denda askotan erabil daiteke euskara komunikatzeko arazorik gabe”, Sarayren ustez. “Arazoa da normalean jendeak gaztelaniaz hitz egiten duela hasieratik elkarrizketa batean, lehenengo hitza ez da euskaraz”, esan du Nereidak, baina bere ustez, gero eta jende gehiago joera hori aldatzen saiatzen da. Zuriñe Gil teknikariaren ustetan, “Gasteizen D ereduak ez du berma-tzen umeak euskaldunak izango direla. Ama-hizkuntza garrantzitsua da umeen eta gazteen artean euskaraz hitz egiteko normaltasunez”.

Mentxu Rodríguez

Informatikaria

31 urte

Laura García

Kontabilitate/Administrazio arduraduna

35 urte