Orain dela 20 urte GEUrekin mendira taldea jaio zen Gasteizen. Aisialdirako esparru edo eremu euskalduna sortzea mendira joateko euskaraz, hori da helburua, euskara eta mendia uztartzea. GEU Gasteiz euskaldun elkartearen ekimenen artean dago mendi talde hau. 1995eko otsailetik hainbat irteera antolatu dituzte Euskal Herri osoan zehar. Mendi apalak eta handiagoak tartekatu dituzte: Txindoki, Hirumgarrieta, Toloño, Zaldiaran, Kapilduy, Aratz, Aiako harriak, Erlo, eta abar.

Poliki edo arin joan daiteke mendira. Esku hutsik edo makilekin. Bakarrik edo taldetan. Ezezagunekin edo lagunen artean. Lehian edo lehiarik gabe. Hizketan edo isilik. Euskal Herrian, adibidez, ume txikien arteko mendizaletasuna bultzatzen da.

Eta zergatik ez euskaraz? Helburu horrekin -mendia eta euskara uztartzea- orain dela 20 urte bi emakume hasi ziren mendi talde euskalduna martxan jartzen, Maite Mendiburu (Iparraldekoa da) eta Begoña Ariznabarreta (hamazortzi urterekin euskara ikasi zuen). Gaztetatik mendian ibiltzen ziren. Mendia maite dute, eta euskara ere bai. Orain dela 20 urte pentsatu zuten polita zitekeela euskaraz jardungo zukeen mendi taldetxo bat sortzea Gasteizen. GEU sortuta zegoenez, bi emakume hauek iragarki bat argitaratzea erabaki zuten elkartearen aldizkarian, Ezkibel mendira joateko asmoz. Lehenengo irteeran 37 lagun elkartu ziren Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan ibilbidea hasteko oinez. Arrakasta handia izan zutenez, Maitek eta Begok hurrengo irteera antolatu zuten, eta 30 lagunek izena eman zuten, GEU elkarteak babestuta.

Geroztik, 500 pertsona baino gehiagok parte hartu dute azken 20 urteotan eta mendiz mendi ibili dira, adierazi du Begoña Ariznabarreta parte-hartzaileak. 190 irteera eginak ditu GEUrekin mendira taldeak.

Urtean behin 6-7 antolatzaile (Kike, Gidor, Amaia, Joserra, Xabi, eta abar) elkartzen dira 11 mendi-irteerak eta egutegia antolatzeko (irailetik ekainera hilabetero bat, eta Gorbeia mendira abenduaren 31n beste txango bat prestatzen dute).

Arduradun bakoitzak bi edo hiru irteera antolatu behar du. “Ondo ez badakigu nolakoa den bidea, saiatzen gara lehenago bide hori egiten, edo GPS erabiliz prestatzen dugu ibilbide bakoitza aurretik”, adierazi du Begoñak.

Erdi mailako irteerak dira. “Ibilbideak ez dira zailak, baina ondo prestatuta joatea komenigarria da, adibidez, mendiko botak eta arropa aproposa jantzita, ura eta janaria ahaztu gabe”. Parte-hartzaile gehienak federatuta daude beste mendi talde batzuetan.

ez da aurretik izena eman behar Ibilbide batzuk egun erdikoak dira (goizekoak), eta beste batzuk egun osokoak (ez dira etxera bazkaltzera heltzen). Azken urteotan irteera bakoitzean bataz besteko mendizale kopurua 15ekoa edo, izan da. Begoñak gogoratu duenez, salbuespenak ere egon dira. “Behin 2 lagun agertu ziren, eta beste ibilbide batean 65 pertsona bildu ginen Txindoki mendira joateko. Ez da berriro gertatu”.

Antolatutako ibilbideak betetzen dituzte, nahiz eta salbuespen gutxi izan. Adibidez, eguraldiagatik bideak izoztuta egon badira edo errepideak ez badira aproposak gidatzeko, oinez egin dituzte txango batzuk, adibidez, Mendizorrotzako aparkalekutik Zaldiaran mendira.

Baina gutxitan (bost aldiz azken 25 urteotan) egutegia aldatu behar izan dute eguraldi txarragatik.

Parte hartzeko ez da aurretik izena eman behar. Lagun bati parte hartzea gustatuko balitzaio, Hirinet web orrialdean aurki dezake egutegia jakiteko zein egunetan antolatuko dituzten hurrengo ibilbideak.

Hilabetean behin (normalean hirugarren igandean) taldea elkartzen da Mendizorrotzako aparkalekuan 8:30ean. Kotxeak antolatzeko ez dago arazorik, gehienek automobila daukatelako.

Parte-hartzaileek kontuan hartu behar dute mendia esparru aproposa dela euskaldun berrientzat lotsa gainetik kendu eta hizkuntza praktikatzeko. Gainera, etxean euskaraz egiten badute, etxetik kanpo ere bai.

talde irekia Begoñak gogorarazi duenez, euskara hitz egitea eta ondo pasatzea garrantzitsuena da. “Aisialdirako esparru edo eremu euskalduna sortzea mendira joateko euskaraz, hori da helburua. Eta ez bakarrik euskara lantzea, mendira joatea ere bai”. Mendia maite dute, mendia gozatzen dute eta euskara ere bai. Talde hau euskaldun ororentzat zabalik dago. Ez da inporta euskara maila. Euskaldunzaharrak, euskaldunberriak, gazteak, helduagoak, euskara ikasten ari direnak, eta abar? Esparru euskaldun hau edozein pertsonarentzat irekita dago. Nahiz eta gaur egun gazte gutxiagok parte hartu, adin guztietako eta era askotako jendea biltzen da.

Elkarrekin euskaraz bizitzeko egitasmoaren inguruan adin eta ideia ezberdinetako pertsonak elkartzen dira, eta euskara haien arteko lotura izanez, jende berria ezagutzeko aukera ematen die. “Talde oso irekia da gurea, euskara maila guztietako lagunak elkartzen gara. Beti gogoz hartzen dugu jende berria etortzea. Adiskide onak egin ditugu mendi txangoetan”, adierazi du Begoñak. Eta proposamen desberdinak ere ongi etorriak dira.

Era askotako jendeak parte hartzen du, baina guztiek mendian gozatzen dute eta giro polita sortzen da haien artean. Adin guztietakoak etorri dira txangoetara. Behin 80 urteko emakume batek parte hartu zuen, eta urte gutxiko umeak ere izan dituzte.

Beste alde batetik, hainbat mendi talderekin harremana dauka GEUrekin mendira taldeak, mendi irteera prestatzeko. Haien artean daude Euskaraz bizi, Bagare, Mintzalagunak, Guraso lagunak, eta abar.

Non eta noiz. GEUrekin mendira taldeko mendizaleek txangoak egiten jarraitzen dute. Euskaldun ororentzat zabalik dago:

-Irteera gunea:

Mendizorrotzako aparkalekua.

-Irteera ordua: goizeko 8.30ean.

-Harremana:

geurekinmendira@gmail.com

Hurrengo mendi-irteerak.

-Martxoak 15:

LIZARRUSTI - trikuarriak.

Goizekoa (3 ordu 30’).

Altuera: 1.145 m. Luzera: 12,5 km.

-Apirilak 19:

TOLOÑO.

Goizekoa (2 ordu 45’).

Altuera: 1.271 m. Luzera: 10,68 km.

-Maiatzak 17:

KONTRASTA - sakana.

Goizekoa (4 ordu).

Altuera: 919 m. Luzera: 10,29 km.

-Ekainak 21:

DEBA-ZUMAIA

Egun osokoa (5 ordu). Altuera: 700 metatua. Luzera: 14 km.