Gasteiz - Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea lanean hasi da, Alde Zaharrean dagoen Montehermoso kulturgunean kokatuta, euskaraz ikasteko, sortzeko, komunikatzeko, biltzeko, antolatzeko, irakasteko... Hain zuzen, aisialdiari eta kulturgintzari lotutako topagune naturala da, eta Gasteizen euskararen normalizazioa bultzatzeko egitasmoa da. “Jolasa baino gehiago. Eskolaz kanpoko ekintzak eta umeen euskalduntzea” izenburuko jardunaldiak izango dira Oihaneder Euskararen Etxean azaroaren 25ean, datorren asteartean.
Hiru helburu nagusirekin antolatu dituzte jardunaldiak Gasteizko Udalaren euskara zerbitzuak eta Euskaltzaleen Topaguneak, GEU elkartearen laguntzarekin. Alde batetik, helburua da ume eta gaztetxoen aisialdian zein euskalduntzean interesa, kezka edota funtzio-ardura dituzten guraso, hezitzaile, irakasle, kirol entrenatzaile, eta aisialdi, kultura edo euskara elkarteetako kide eta udal teknikariak elkartzea.
Beste aldetik, Gasteizko egoera eta aukeren gainean gogoeta partekatuko dituzte, eta aurrera begirako elkarlanerako aukerak eta lehentasunak identifikatuko dituzte. Jardunaldiak Gasteizen aurkeztu berri den Oihaneder Euskararen Etxean izango dira, eta hitzaldi eta esperientzien aurkezpenek ardaztuko dute egitaraua.
Saio horretan Iñaki Eizmendik parte hartuko du. “Banaka edota batera guztiok gara eragile” izeneko hitzaldia eskainiko du, eta oso interesgarria izango da haur eta gaztetxoen euskarazko aisialdian eta sozializazioan interesa dutenentzat.
Aditu horrek urteak daramatza euskararen erabileran eragiteko egitasmoetan parte hartzen. Hainbat urtetan euskara elkarte bateko teknikari moduan aritu ondoren, 2007an Ebete sortu zuen, eta ordutik hona Euskal Herri osoan zehar dabil. Ebeteren bidez euskararen erabileran eragiteko baliabideak eta tresnak garatzea eta frogatzea bilatzen du.
esperientziak Iñaki Eizmendi hainbat kide eta aditurekin elkarlanean aritzen da, bai saioak ematerako garaian baita Ebeteko eskaintzarako tresnak eta baliabideak garatzerako garaian ere: haur eta lehen hezkuntzako irakasleak, bigarren hezkuntzako irakasleak, pedagogoak, komunikazio arloko adituak, eta abar. Ebeteren bidez hainbat formazio saio eskaintzen ditu, eta ezaugarri ezberdinetako proiektuetan ari da parte hartzen. Irakasleekin, gurasoekin eta udaletako teknikariekin aritzen da.
Iñaki Eizmendiren ekarpenaz gain, hainbat herritan euskarazko aisialdia sustatzeko dituzten esperientzien berri emango da azaroaren 25eko saioan (Iruñeko Karrikaluze Elkartea, Arrasateko Txatxilipurdi Elkartea, Getxoko Egizu Elkartea eta Durangoko Berbaro Elkartea), eta Gasteizen arlo horretan dauden behar izan eta aukerez hitz egiteko aukera izango da. Jardunaldiak irekiak eta doakoak dira eta ez dago, aldez aurretik, izena eman beharrik. Hala ere, antolakuntza kontuak ahalik eta ondoen egin ahal izateko, antolakuntzak parte hartzea jakinaraztea eskertuko luke, jolasabainogehiago@gmail.com helbide honetara idatziz.