Bilbo - Aitzakiak agortzen ari dira euskara ikastea denboran zehar atzeratu daitekeen asmoa dela uste dutenentzat. Izan ere, dagoeneko doakoa da B2 mailara arteko ikaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoko 103 euskaltegietan. Horrela iragarri zuten atzo aho batez 3.928.000 euro jarriko dituzten erakunde ezberdinen elkarlanaren emaitza izan den lorpena. Honen bidez, ikasleen %70ak B2 mailan edo beherakoetan izena ematen dutela kontuan izanik, gaur egun EAEn euskara ikasten ari diren 35.000 ikasleetatik, gutxi gorabehera, 24.500 ikaslek jaso ahalko dituzte diru-laguntzak. Horretarako, bi baldintza baino ez dituzte bete beharko: eskoletara %75eko asistentzia bermatu eta dagokien maila gainditu ikasprozesuan aurrera eginez.

Modu honetan, eskakizun historiko bati erantzuteaz gain, legegintzaldian zehar hartutako konpromiso bat betetzen du Eusko Jaurlaritzak, diru kopuru handiena jarri duen erakundeak. Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, gogoratu zuenez, "urteak dira erakundeetatik dirulaguntza ezberdinak bideratzen direla euskara ikasteko, euskaltegietako ikasleek egin behar duten ahalegin ekonomikoa txikiagoa izan dadin". Bere esanetan, horrela egin da "euskararen ikasprozesua lagundu behar den zerbait dela" uste delako. Izan ere, "edozein hizkuntza berri ikasteko eta menperatzeko bidea ez da erraza, baina erraztasunak emanda bide hori egingarriago eta bermegarriagoa egin daitekeela". Lerro horretan doaz, era berean, euskaltegiek eskaintzen duten malgutasuna ordutegi ezberdinak aurkitzeko orduan edota ikasteko metodo alternatiboak eskaintzeko.

Zupiriaren esanetan, "Euskadiko hainbat tokitan euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua txikia da oraindik eta euskararen ezagutza sustatzen eta indartzen jarraitu behar da hurrengo pausoa emateko: ikaskuntzatik erabilerarako pausoa". Horrela, azken urteetan adostasunak bilatu dituzte elkarlanean dauden erakunde ezberdinek "diru-laguntza lerro ezberdinak osagarriak izan daitezen". Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak argitu zuenez, B2 mailara arteko doakotasuna hitzartu da "eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna" bermatzen duelako. Gainera, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan eskatzen den maila bera dela azaldu zuen eta, hortaz, "sistemaren koherentzia" bilatzen dutela. Era berean, Zupiriak adierazi zuen garrantzitsua dela diru-laguntzak ikasleen ardura eta konpromisoarekin lotzea.

Diru-laguntzak Erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu B2 mailara arteko doakotasuna lortu ahal izateko. Guztira ia lau milioi euro jarriko dira, 3.928.000 euro zehatz-mehatz. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euro bideratuko ditu aurten (iaz baino 525.000 euro gehiago; 2018an baino 1,2 milioi euro gehiago); Bizkaiko Foru Aldundiak, 480.000 euro; Arabako Foru Aldundiak, 185.000 euro; Gipuzkoako Foru Aldundiak 42.000 euro; eta, azkenik, EAEko udal ezberdinek 221.000 euro. Ekarpen horiez gain, erakundeek bestelako diru-laguntzak eskainiko dituzte C1 eta C2 mailetako ikasleentzat (Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, 150.000 euro), baina kasu horietan ez da erabateko doakotasuna bermatuko.

Diru-laguntzak emateko prozedurari dagokionez, 2020ko irailera arte bi bide egongo dira. Alde batetik, A1, A2 eta B1 mailen kasuan, euskaltegien bidez maila egiaztatzen duten guztiek diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, beti ere asistentzia baldintzak ere betetzen badituzte. Bestetik, B2 mailako ikasleen kasuan, HABEk kudeatutako B2 azterketa gainditu beharko dute diru-laguntza jaso ahal izateko. Hala ere, irailertik aurrera, maila guztietako ikasleentzat, B2koentzat barne, nahikoa izango da euskaltegiko maila gainditzea. Halaber, epeari dagokionez, 2020ko urtarriletik irailera arte A1, A2, B1 eta B2 maila gainditzen dutenek, abenduan jasoko dute laguntza. Zenbatekoari erreparatuz gero, ikasleak maila hori gainditzeko jarritako diru-kopurua itzultzera joko da, beti ere ikasprozesuaren kostuen baitan.

Elkarlana Sailburuarekin batera, elkarlanean aritu diren beste erakundeen ordezkariek ere parte hartu zuten egitasmoaren aurkezpenean. Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak adierazi zuen 39 udal euskaltegi dituztela. "Udal gehienek ekarpen ekonomikoak egin dituzte eta saiatu gara B2 mailara arteko doakotasuna eskaintzen", adierazi zuen. "Euskara ikasteko bidea erraztu behar dugu, bazter guztietara eramaten saiatu behar gara", gaineratu zuen.

Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuaren esanetan, "Bizkaiko herritarrentzat karga ekonomikoa ezin da oztopo izan euskara ikasteko orduan". Gainera, bere ustez, "ezagutzan aurrera egin behar dugu nahiz eta erabileran dagoen erronka". Bestalde, Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunaren zuzendariak, adierazi zuenez, "euskara ikasteko ahalegina eta pausoa ematen duten horiek guztiek merezi dute gizartearen esker ona eta Administrazioaren babes osoa, hizkuntza berdintasuna lortzeko bidean egiten duten ekarpenagatik". Azkenik, Lexuri Ugarte Arabako Euskara zuzendariak ordezkatzen duen lurraldeak 15 euskaltegi dituela adierazi zuen, non 5.000 ikasle daude. Bere esanetan, doakotasuna bultzatzeko erakundeen "elkarlana eta lankidetza" azpimarragarriak izan dira.

Labur-Labur

Euskaltegi. EAEn 103 euskaltegi daude guztira. Gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan; Araban 15 bakarrik baitaude. Gainera, 39 udal euskaltegiak dira.

Ikasle. Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietan 35.000 ikasle daude: horietatik, 20.000 Bizkaian; 10.000 Gipuzkoan; eta, 5.000 Araban. Ikasleen %70 inguruk B2 mailan edo beherakoetan ematen dute izena. Beraz, gutxi gorabehera 24.500 ikaslek jaso ahalko dituzte diru-laguntzak.

euroko diru-laguntza. Guztira, 3.928.000 euro jarriko dituzte erakundeek: Eusko Jaurlaritzak, 3 milioi euro; Bizkaiko Aldundiak, 480.000 euro; Arabako Aldundiak, 185.000 euro; Gipuzkoako Aldundiak, 42.000 euro; eta, azkenik, udalek 221.000 euro.

Asistentzia. Diru-laguntzak jasotzeko ezinbestekoa izango da ikasleentzat bi baldintza betetzea. Batetik, eskoletara %75eko asistentzia bermatu behar dute, eta, bestetik, B2 mailara arte dagokien maila gainditu beharko dute, ikasprozesuan aurrera eginez.