Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren pertsonen 7.449 ezkontza izan ziren 2025ean, hau da, aurreko urtean baino % 0,1 gutxiago, orduan 7.455 izan baitziren, Eustat euskal estatistika erakundeak egin duen joan den urteko behin-behineko zenbaketaren arabera.

Ezkontza zibilak guztizkoaren %92,1 izan ziren, hau da, 2024an baino %0,2 puntu gutxiago, orduan % 92,3 izan baitziren. Gainera, senarren %90,4k eta emazteen %84,9k 30 urte edo gehiago zituzten, 2024an %91,3 eta %85,4 izan ziren bitartean, hurrenez hurren.

Iazko laugarren hiruhilekoari dagokionez, 1.757 ezkontza izan ziren EAEn, aurreko urteko hiruhileko berean baino %4,8 gehiago (orduan 1.676 ezkontza izan ziren). Ezkontza guztietatik 1.667 sexu desberdineko pertsonen artekoak izan ziren, eta 90 sexu bereko pertsonen artekoak -45 emakumeen artekoak eta 45 gizonen artekoak-.

Inskripzioa egin zuteneko lurralde historikoa kontuan hartuta, ezkontzen kopuruak gora egin zuen iaz hiru lurraldeetan: Araban 266 ezkontza izan ziren (%15,7 gehiago), Bizkaian 806 (%2) eta Gipuzkoan 600 (%3,8). 85 bikotek EAEtik kanpo inskribatu zuten ezkontza (%9). Ezkontzak zein hilabetetan egin ziren begiratuta, urria nabarmendu zen, hiruhilekoko ezkontzen %50,8 orduan egin baitziren.

Ezkontza zibilak guztizkoaren %92,3 izan ziren 2025eko laugarren hiruhilekoan, 2024ko hiruhileko berean baino %1,1 puntu azpitik; ezkontza erlijiosoak, beraz, %7,7 izan ziren.

Halaber, 2025eko laugarren hiruhilekoko 1.757 ezkontzetan, bizilekua EAEn zuten 1.684 gizon eta 1.683 emakume ezkondu ziren. 1.373 senarrentzat lehen ezkontza izan zen (%81,5), eta 10 alargun eta 301 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Emakumeen lehen ezkontzen proportzioa gizonena baino altuagoa izan zen, ezkongabeak 1.404 (%83,4), alargunak 12 eta dibortziatuak 267 izan baitziren.

Ezkontideen adinaren araberako banaketari dagokionez, senarren %89,8k eta emazteen %85,2k 30 urte edo gehiago zituzten ezkontzeko unean; 2024ko aldi berean, proportzioa %90,6koa izan zen gizonen kasuan eta %85ekoa emakumeen kasuan.

Azkenik, 2025eko urrian, azaroan eta abenduan, gizonezko ezkonberrien %13,9k eta emakumezko ezkonberrien %14,8k atzerriko nazionalitatea zuten; aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, proportzio hori %0,3 puntu jaitsi da gizonen artean eta %0,5 emakumeen artean.