Euskal Herruian 2025. urtean izandako 1.100dik gora zinema estreinalditik 22 ikusi ahal izan dira euskaraz areto komertzialetan, hau da, estreinatutako film guztien %2, Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak egin duen azterketaren arabera.

Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz plataformako bozeramaileak eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak aurkeztu dute ostegun honetan Donostian Euskal Herriko zinema areto komertzialetako estreinaldi eta emanaldien 2025eko hizkuntza azterketa.

Datuak "gordin bezain kezkagarriak" direla nabarmendu dute, euskarazko jatorrizko bertsioan edo euskarara bikoiztuta eskaini den estreinaldi kopurua %2koa izan baita. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen %100 eskaini dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta frantsesez edo frantsesez azpidatzita, filmen %100 Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan.

Hego Euskal Herrian, 750 estreinaldi ingurutik, jatorrizko bertsioa euskaraz sei filmek izan dute, elebidunak beste bi izan dira, eta euskarara bikoiztuta beste 14 eskaini dira. Beraz, 22 film estreinatu dira euskaraz (edo elebidun) Hegoaldeko zinema komertzialetan, hau da, estreinaldien %2,93.

Ipar Euskal Herrian, berriz, hiru filmek izan dute banaketa komertziala aretoetan, eta beste hiru ikusi ahal izan dira euskaraz. Beste lan bat ere estreinatu da, baina zinema komertzialetatik kanpo. Beraz, orotara eskainitako filmak 450 inguru izan dira, eta zinema aretoetan euskaraz ibilbide komertziala izan dutenak soilik hiru: %0,66.

Estreinaldi kopuruaz haratago, euskarak zinema aretoetan izan duen benetako pisuaz jabetzeko, filmek izaten duten emanaldi kopuruari ere erreparatu diote azterketan. Horrela, datuak aztertuta, "argi geratu da erdarazkoen emanaldi kopurua azkoz handiagoa izan dela": Euskal Herrian 2025ean zinema komertzialetan egindako 200.000 emanaldi baino gehiagotik, 4.480 izan dira euskaraz, hau da, emanaldi guztien %2,25.

LAGUNTZAK IGO

Agerraldian azaldu dutenez, azken urteetan euskalgintzak eta ekoizle elkarteek egindako eskaerei erantzunez, euskarazko zinema ekoizpenerako aurrekontuan igoera handia egon da Jaurlaritzaren diru laguntzetan, eta horrek "eragin positiboa" izan du aretoetara iritsi den euskarazko ekoizpen kopuruan, inoizko handiena izan baita, zortzi filmarekin. Gainera, euskarara bikoiztuta ikusi ahal izan diren 14 filmak batuz gero, 2025ekoa izan da Euskal Herriko zinemetara euskaraz inoiz iritsi den filma kopururik handiena, 22 ikusi ahal izan baitira euskaraz.

"Halere, euskarazko kopurua, urtero zinemetan estreinatzen diren filma guztiekiko proportzioan, oso txikia da, eta honek herritar asko halabeharrez zinema erdaraz kontsumitzera bultzatzen ditu oraindik ere", adierazi dute.

Horregatik, euskarazko filmentzako eta atzerrikoen bikoizketarako baliabide ekonomikoak eta hizkuntza politika aurrerakoiak indartu beharra dagoela uste dute Pantailak Euskaraz plataformak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

Ildo horretan, positiboki baloratu dute Eusko Jaurlaritzak martxan jarri berri duen 'Adi! Filmak euskaraz' programa berria, baina euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa "sistematikoa" dela eta, araudia garatzeko neurriak eskatu dituzte.

Azkenik, ikus-entzunezkoen eta pantailen arloan ere euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren baldintza eta neurri guztiak aldarrikatzeko, bi eragileek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an egingo duen Euskaltzaleon Martxarekin, eta euskaltzale guztiak deitu dituzte egun horretan Iruñeko kaleak betetzera.