BBK Artearen Ibilbidearen zazpigarren edizioak 'Animaliategia' erakusketa eramango du Bizkaiko 30 udalerrira, Bilboko Arte Ederren Museoko bildumako 38 obraren erreprodukzioekin, animaliak ardatz hartuta. Jose Luis Merino Gorospe museoko Arte Zaharreko kontserbatzaileak komisariatutako erakusketak garai, teknika eta hizkuntza artistiko desberdinak uztartuko ditu, animalien irudikapenek artean izan duten balio sinboliko eta narratiboa aztertzeko.
BBK Artearen Ibilbidearen aurtengo edizioaren aurkezpena astelehen honetan egin dute Bilbon, eta bertan izan dira Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea, Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendari eta museoko ohorezko patronoa eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, besteak beste.
Horrela, 'Animaliategia' erakusketan, Paul de Vos, Jacob Jordaens, Ignacio Zuloaga, Aurelio Arteta, Jose Arrue, Francis Bacon, Joseph Beuys, Guerrilla Girls edo Alberto Schommer moduko artisten lanen erreprodukzioak bilduko ditu, animalien irudia historian zehar sinbolo, metafora eta giza balioen isla gisa nola erabili den erakutsiz.
2020an abiatu zenetik, BBK Artearen Ibilbideak museoko ondare artistikoa espazio publikora hurbiltzen du, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen diren eduki eta azalpenekin, baita bisita gidatu eta bitartekaritza kulturaleko jarduerekin ere.
Aurtengo edizioa astrekehen honetan bertan hasi da Bilbon, eta abenduaren 9an amaituko da, Durango, Barakaldo, Santurtzi, Getxo, Gernika-Lumo, Basauri edo Mungia bezalako udalerriak zeharkatu ondoren, besteak beste.