(H)emen Elkarteak eta Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) sustatutako ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa azken garapen fasean dago eta aurreikusi da 2026. urteko lauhilekorako prest egotea, sektoreko eragileekin batera ezarri ahal izateko.
Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, protokoloa garatzeko oinarri nagusia ikerketa eta diagnosi lan sakon bat izan da. Lan hori Garazi Arregi Leonek egin du EHUren eta EiTBren Multimedia Komunikazioko Masterraren amaierako lanaren esparruan, Tania Arriaga eta Itxaso del Castillo irakasleen tutoretzapean.
Ikerketa EHUko ADI Ikerketa Taldearen, (H)emen Elkartearen eta Euskal Aktoreen Batasunaren arteko lankidetzari esker gauzatu da, KSIgune klusterraren 'Konexioak' programaren laguntzarekin, eta proiektu osoa Emakunderen babes eta laguntzarekin garatzen ari da.
Diagnostikoak Euskal Herriko ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako 90 profesionalen esperientziak jaso ditu inkesta bidez, baita sektoreko profil ezberdinekin egindako bost elkarrizketa sakon eta 'focus group' baten ekarpenak ere. Bada, azterketak agerian utzi du indarkeria matxista ez dela kasu isolatuen emaitza, baizik eta sektorearen egitura, hierarkiak eta botere harremanekin lotutako errealitate sistemikoa dela.
DATUAK
Bildutako datuek erakutsi dute profesional askok ez dutela beren lantokia espazio seguru gisa bizitzen, eta indarkeria psikologikoa, sexuala edo lan esplotazioa modu zabal eta normalizatuan gertatzen dela, askotan isiltasunak eta zigorgabetasunak babestuta.
Egoera horren aurrean, sektoreko profesionalek aho batez adierazi dute "tresna eraginkor, espezifiko eta lotesle baten beharra, prebentzioa, arreta eta erreparazioa uztartuko dituena". Testuinguru horretan, protokoloaren helburua argia da: ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako lan eremuak seguruagoak eta bidezkoagoak bihurtzea, indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismo argiak ezarriz eta sektore osoaren erantzukizun kolektiboa sustatuz. Era berean, helburua da protokoloa nahitaez bete beharreko tresna bihurtzea Euskadiko ekoizpen eta erakunde guztientzat.