Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 144 herritarrek eman dituzte organoak hil ondoren 2025. urtean, eta horrela, milioi bat biztanleko 64,3 emaile daude, aurreko urtean baino %10 gehiago. Gainera, EAE Espainiako Estatuko emaileen batez bestekoaren gainetik (51,9 emaile) eta Europako batez bestekoaren oso gainetik (24,7 emaile) dago.

Osakidetzak prentsa ohar bidez nabarmendu duenez, emaitza horiek "estatuko eta nazioarteko dohaintza sistemen artean erreferente gisa kokatu dute berriro ere" euskal osasun zerbitzu publikoa, azken sei urteetan izan duen goranzko joera berretsiz.

EAEn 144 pertsonak eman dituzte organoak heriotzaren ondoren 2025ean. Zirkulazio arazoengatik gertatutako heriotzaren ondorengo dohaintza nagusitu da -asistoliako dohaintza- (%64,5), garun heriotzaren ondorengo dohaintza klasikoaren aurretik. Prozesu aldaketa horri esker, bizitzaren amaieran organoen eta ehunen dohaintza beren bizi ibilbidearen parte izan dadila erabakitzen duten pertsonak identifikatzeko aukera zabaldu da.

Organo emaile potentzialen profila aurreko urteetakoaren antzekoa izan da 2025ean. Hala, trafiko istripuetan hildako emaileak guztizkoaren %4 baino ez dira, eta emaileen heriotza kausa nagusia istripu zerebrobaskularra izan da (%44,4). Emaileen adinari dagokionez, %60 inguruk 60 urte baino gehiago ditu, %36k 70 urte baino gehiago eta %3k 80 urte baino gehiago; EAEn 2025ean erregistratutako emailerik zaharrenak 83 urte zituen.

Transplante jarduerari dagokionez, Osakidetzak 262 pertsonaren organo transplanteak kudeatu ditu 2025ean Euskadin. Lortutako emaitzen artean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egindako 76 gibel transplanteak eta 164 giltzurrun transplanteak nabarmendu dira; biak dira Osakidetzan ibilbide luzeena duten transplante programak.

Bestalde, 2025ean zehar, hezur-muineko transplanteen erreferentziazko zentroa den Donostiako Unibertsitate Ospitaleak 66 transplante alogeniko egin ditu (20 transplante ahaideen artean eta 46 transplante ahaidetasunik gabe). Azken hiru urteetan jarduerak izan duen hazkunde iraunkorra berrets dute datu horiek, eta zentroa erreferente bihurtu dute penintsularen iparraldeko eremu osoan. Iaz, hezur-muin emaile izan zitezkeen 104 euskal herritar aurkitu ziren Hezur-muin Emaileen Espainiako Erregistroan.