Unai Elorriagak, Karmele Mitxelenak eta Maite Rosendek jasoko dute 2025eko Euskadi Literatura Saria Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateetan, Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa), Aitona Floren (Elkar) eta Traba (Denonartean) lanei esker, hurrenez hurren.

Horrela jakinarazi du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, literaturako Euskadi sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak iragartzeko agerraldian, Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

"Hitzak dira gure etxea, eta euskal literatura gure memoriaren eta etorkizunaren arteko zubia da. Gaur saritutako hiru lanek erakusten dute kultura ez dela osagarri bat, bizitzeko eta ulertzeko modu bat baizik. Horregatik, gaurko aurkezpena euskal literaturara hurbiltzeko eta gure sortzaileen dohainaz gozatzeko gonbita ere bada", adierazi du.

Bada, Euskarazko Literaturako Euskadi saria Unai Elorriaga getxoztarrak eskuratu du, 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' (Susa) lanari esker. Epaimahaiak nabarmendu du egileak "apustu literario sendoa" egiten duela, "nobelaren eta narrazio liburuaren artean mugituz eta puzzle handi eta iradokitzaile bat osatuz".

"Protagonistaren inguruan hainbat narrazio harilkatzen dira, XX. mendeko Europa ekialdeko idazle zenbaiten estiloan. Kontakizuna Italia hegoaldetik Euskal Herrira doan bitartean, pertsonaia bizidunen bizipen eta istorio askotarikoak jasotzen dira. gordintasunari ihes egin gabe", azaldu du.

Gainera, azpimarratu du idazle bizkaitarrak baliabide narratibo ugari erabiltzen dituela "modu eraginkorrean", eta liburuak "irakurketa aktiboa" eskatzen duela, "irakurlearen esku geratuz hariak jostea eta elipsiak betetzea".

KARMELE MITXELENA

Bestalde, Karmele Mitxelena oiartzuarra izan da Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi sariaren irabazlea, "dramarik gabe, oso hurbileko kontakizun batean heriotza eta dolua lantzen ditu" lanak, "haur protagonistaren ahotsetik abiatuta, monologo erabatekoa eta zuzena eraikiz".

"Pertsonaia kopuru txiki eta zertzelada arinetan oinarritutako eraikuntza kontakizunaren arintasuna, intimitatea eta hausnarketarako bidea bermatzen du. Liburu honek barne hizketaren erabilera bereziki nabarmentzen du, gizarte isolatuago batean horren garrantzia eta beharra adieraziz", azaldu du.

Karmele Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1988) irakaslea da eta Haur Hezkuntzako gradua du

Karmele Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1988) irakaslea da eta Haur Hezkuntzako gradua du. Hainbat sari jaso ditu bertsolaritzan eta literatura narrazioan, eta 2019an 'Erakusleihoa' album ilustratua argitaratu zuen, Peru Abarka saria irabazi ondoren.

MAITE ROSENDE

Era berean, Maite Rosende donostiarrak jasoko du Literatur Lanaren Ilustrazioko Euskadi saria, 'Traba' lanari esker. Epaimahaiak nabarmendu du proposamen "ausarta" dela "kolore aukeraketari eta irudien figurazioari dagokionez", oinarrizko hiru koloreez gain, beltza eta morea erabilita, "album bizia eta erritmikoa" sortu baitu, "irudi kaotikotik lasaiagora salto eginez eta lerro berezi garbi batekin".

"Testuak eta irudiak maisuki bat egin dute, eta liburuaren kutsu espresionista publiko guztiarentzat egokia da, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten duena", gaineratu du epaimahaiak.

"Testuak eta irudiak maisuki bat egin dute, eta liburuaren kutsu espresionista publiko guztiarentzat egokia da, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten duena", gaineratu du epaimahaiak

Maite Rosendek (Donostia, 1991) "jolasetik sortzen du" eta gozatu egiten du bere irudiak hainbat euskarrietara eramanez. Ornamentazio pinturan eta ilustrazioan trebatua, hainbat liburu argitaratu ditu eta hainbat sari jaso ditu. Donostiako Gilda sormen estudioko kidea da gaur egun.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak literaturako zazpi Euskadi sari banatzen ditu, eta datorren astean ezagitaraziko ditu falta diren laurak: Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz.

Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta 4.000 euro gehiago lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuz gero. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu. Euskadi Literatura sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 26ean izango da Donostiako San Telmo Museoan.