Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren produkzioa %1,8 gutxitu da abuztuan aurreko urteko hilabete beraren aldean, lan egutegi homogeneoari dagokionez. Aurreko hilabetearekin alderatuz gero, berriz, industriaren jarduera %0,1 handitu da, urtaroen eragina zuzendu ondoren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Industria produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da 2025eko abuztuan hiru lurralde historikoetan ere: Bizkaian %3,0 murriztu da, Araban %2,4 eta Gipuzkoan %0,1.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, produkzioak urte arteko portaera negatiboa izan du abuztuan kontsumo ondasunetan, %2,0 murriztuta. Era berean, ekipamenduko ondasunen produkzioa %1,7 jaitsi da, bitarteko ondasunena %0,4 eta energiarena %5,4.

Abuztura arte metatutako produkzioa %6,2 jaitsi da energian, %1,7 bitarteko ondasunetan eta %0,3 ekipamenduko ondasunetan, aurreko urteko aldi metatu beraren aldean; kontsumo ondasunen sektoreko produkzioa, aldiz, %1,0 igo da

Maila bereiziagoan, EAEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, materiala eta ekipo elektronikoa eta metalurgia eta produktu metalikoak sektoreek izan dituzte ekoizpenaren hazkunderik handienak urte artean abuztuan, %9,3ko eta %2,6ko igoerekin, hurrenez hurren. Aitzitik, produkzioaren urte arteko murrizketa nabarmenenak energia elektrikoa, gasa eta lurruna (-%10,9) eta zura, papera eta arte grafikoak (-%9,9) sektoreetan izan dira.

BALANTZEA

Bestalde, 2025. urteko lehen zortzi hilabeteetako balantze metatuari dagokionez, industria produkzioaren indizea %1,1 jaitsi da EAEn.

Abuztura arte metatutako produkzioa %6,2 jaitsi da energian, %1,7 bitarteko ondasunetan eta %0,3 ekipamenduko ondasunetan, aurreko urteko aldi metatu beraren aldean; kontsumo ondasunen sektoreko produkzioa, aldiz, %1,0 igo da.

Lurralde historikoei dagokienez, 2025eko lehen zortzi hilabeteetako tasa metatua balantze negatiboarekin itxi da hiru lurraldeetan: Araban %3,2 jaitsi da produkzioa 2024ko aldi metatu beraren aldean, Bizkaian %1,1 eta Gipuzkoan %0,1.