Abian da Memeka gazteei zuzendutako euskarazko meme lehiaketa
Saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek
Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak Memeka lehiaketaren 2025eko edizioa jarri dute martxan asteazken honetan, urriaren 1ean. Memeak sortuz gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu, www.memeka.eus plataforma digitala erabiliz, eta 15 eta 18 urte bitarteko nerabeak gonbidatu nahi ditu euren sormena euskaraz adieraztera.
Relacionadas
Ekimenaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, proiektuaren helburua ez da soilik gazteei entretenimendurako gune bat eskaintzea, baizik eta baita plataforma digitaletan euskararen erabilera aktiboa sustatzea ere, modu dibertigarri eta erakargarrian.
Horretarako 15 eta 18 urteko bitarteko gazteek Memeka.eus plataforma erabili ahal izango dute. Euskarazko memeen sorkuntza errazteko diseinatuta dago, eta erabiltzaileek irudi garbiak eskuratu eta nahi duten testuak txertatu ahalko dituzte.
Memeen gaia librea izango da, baina memeetan txertatuko diren testuak euskaraz idatziak egon beharko dute. Ez dira onartuko eduki iraingarriak edo errespetuzkoak ez direnak, ezta kalitate maila nahikorik ez dutenak ere. Memeren bat egokitzat jotzen ez bada, ez da argitaratuko eta lehiaketatik kanpo geldituko da.
Memeka lehiaketaren antolatzaileen arabera, ekimena aukera paregabea da gazteek euskara ingurune digitalean erabiltzeko, beraientzat entretenigarria eta dibertigarria den edukia sortzen dutelarik
Lehiaketa abian da jada, eta memeak aurkezteko epea azaroaren 7an amaituko da. Azaroaren 10etik 16ra bozkatzeko epea izango da eta meme irabazleak azaroaren 17an iragarriko dira. Bi sari emango dira: webgunearen bidez boz kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bata, 200 euro, eta Memeka-ko Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) 'like' kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bestea, 150 euro. Saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek.
INTERNETEKO KULTURA
Interneteko kulturan, memea umorezko mezu sinplea da, zabalkunde handi eta azkarrekoa, eta, gehienetan, jatorrizko irudi, bideo edo testu baten nahasketa satirikoan oinarritzen da. Memeak komunikazio bitarteko eta elementuak dira gazteentzat, eta bereziki, sare sozialen eta mezularitza programen bidez partekatzen dituzte, euren sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo besterik gabe, lagunekin dibertitzeko.
Bada, Memeka lehiaketaren antolatzaileen arabera, ekimena aukera paregabea da gazteek euskara ingurune digitalean erabiltzeko, beraientzat entretenigarria eta dibertigarria den edukia sortzen dutelarik. Aldi berean, ekimenak agerian uzten du euskal hizkuntzak eta kulturak aro digitalean garrantzitsuak eta zirraragarriak izaten jarrai dezaketela.
Temas
Más en Actualidad
-
Otra flotilla con nueve barcos continua hacia Gaza pese a la detención de la Global Sumud
-
Getxoko 23. Komiki Azoka egingo da asteburuan eta 40 saltoki izango ditu
-
La Fiscalía incluye la interceptación de la flotilla en su investigación sobre Gaza
-
Dos personas murieron ahogadas en septiembre en Euskadi