Getxoko Komiki Azokak bederatzigarren artearen mundua hurbilduko dio publikoari bere 23. edizioan ostiraletik igandera, urriaren 3tik 5era. Merkataritza guneak 40 saltoki izango ditu Santa Eugenia plazan eta Ibaiondo kalean, eta, ohi bezala, Romo Kultur Etxean hainbat ekintza izango dira, sarrera doakoa del. Artista ezagunek ere parte hartuko dute, bai azokaren gune komertzialean, bai Romo Kultur Etxean programatutako jardueretan.
Antolatzaileek adierazi dutenez, komikiaren aldeko apustua gauzatzeko, aurtengo edizioak 40 salmenta postu bilduko ditu merkataritza gunean. Liburu dendek, argitaletxeek, merchandising dendek eta fanzineek aukea emango dute azken nobedadeak eskuratzeko, serieak osatzeko eta komiki zaharrak eta bildumagile aleak erosteko, baita komikigintzaren munduarekin zerikusia duten era guztietako artikuluak ere.
Komikiaren aldeko apustua gauzatzeko, aurtengo edizioak 40 salmenta postu bilduko ditu merkataritza gunean
Bestalde, Romo Kultur Etxean izango da ekintzen programazioa, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketa bat barne. Sektoreko enpresa nabarmenetako batzuk izango dira, eta hitzaldietan, aurkezpenetan eta sinaduren saioetan parte hartuko dute, zaleek euren artista gogokoenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten; sinadura saioak salmenta postuetan ere egingo dira.
Urtero bezala, haurrentzako zein helduentzako tailerrak ere ez dira faltako, eta, aurten, berrikuntza gisa, profesionalei zuzendutako portfolioak berrikusteko tailer bat ere egingo da.
ARTISTA GONBIDATUAK
Artista eta profesional gonbidatuei dagokienez, Paco Roca, Marika Vila, Raquel Gu, Mamen Moreu, Sebas Martin, Fernando Blanco, Alvaro Martinez Bueno eta Irene Marquez izango dira Getxon, aurtengo ekitaldiko kartelaren egilea den Laura Perezekin batera.
Horiez gain, azken urteotan 'Corto Maltés' bilduma berrian egindako ilustrazio lanarengatik ezaguna Ruben Pellejero ere hurbilduko da azokara, bai eta Josune Muñoz dibulgatzailea ere, komikiaren arloan egindako ibilbideagatik aurtengo omenaldi saria jasoko baitute.
Era berean, 'Abenturazale grafikoak' erakusketa izango da ikusgai Romo Kultur Etxean, Natacha Bustos, Maria Medem, Ana Penyas, Laura Perez eta Nuria Tamariten lana biltzen duena. Esperimentazioaren eta originaltasunaren aldeko apustua dute guztiek ezaugarri, betiere leku komunetatik eta baliabide erosoetatik ihes egitea bilatuz, bere publikoari abentura grafiko bat eskaintzeko asmoz.