Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Jakinaldia zientzia dibulgazioko jaialdiaren lehenengo edizioa egingo du urriaren 17an eta 18an Donostian. Ekimenaren helburua zientzia herritarrengana hurbiltzea da, eta horretarako, ezagutza, sormena eta entretenimendua uztartzen dituen programazio anitza prestatu du, publiko guztiarentzat eskuragarria eta erakargarria den formatuan.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak jakintzaren hedapen soziala sustatzeko, zientzia espazio publikoan kokatzeko eta gizarte informatuago, parte hartzaileago eta demokratikoago baterantz aurrera egiteko duen estrategiaren barruan kokatzen da Jakinaldia, bere arduradunek jakinarazi dutenez.
Bada, 'Kuantika Jaialdia' izenburupean, Jakinaldiaren lehenbiziko edizioak fisika kuantikoaren mendeurrena omenduko du, musika, dibulgazio zientifikoa, magia, antzerkia eta umorea biltzen dituen egitarau zabalarekin.
Jakinaldia Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian egingo da, eta bi jardunaldi izango ditu. Urriaren 17an, helduentzako saioak izango dira 18:00etan hasita: 'Ipuin kuantikoak' bakarrizketa zientifikoa (Enrique F. Borja), 'LoCuanto Musical' lan musikala (Jon Esnaola), 'Magia kuantikoa' (Tor eta Txoborro magoak), 'Materia Absurda' umore zientifikoko ikuskizuna (Big Van Ciencia) eta 'Bertsozientzia' saioa (Jone Uria eta Alaia Martin).
Urriaren 18an, berriz, familientzako egitaraua izango da 17:00etan hasita: 'Abentura Kuantikoa' antzezlana, Marsel ilusionista eta Big Van Ciencia taldearen 'Clowntfics' ikuskizun interaktiboa.
Gainera, jaialdia IBM_Basque Country Europako ordenagailu kuantiko aurreratuenaren etorrerarekin batera egingo da. Ordenagailuaren inaugurazio ofiziala urriaren 15ean izango da, Ikerbasquek Donostian duen eraikin berrian.
Jaurlaritzaren arabera, azpiegitura horrek "konputazio kuantikoaren abangoardian" jarriko du Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), eta IBMren ordenagailu kuantikoen munduko sarean sartuko da. Gaur egun, sare hori Japonian eta Amerikako Estatu Batuetan bakarrik dago.