Gobernu Kontseiluak Elkarrekin Bonuen 2025eko Programari dagozkion hiru deialdiak onartu ditu berriki, euskal gizartearen hainbat esparrutan bakearen kultura, bizikidetza demokratikoa, giza eskubideak eta indarkeriarik eza sustatzeko.
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio memoriarekiko, giza eskubideekiko eta adiskidetzearekiko konpromiso instituzionala indartzeko ekimen osagarria den programa honi. Gainera, gizarte-erakundeen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritu nahi ditu, topaketaren, justizia sozialaren eta kohesio demokratikoaren kultura sendotuta. Aurreko edizioetan bezala, hiru jarduera-lerro ditu: hezkuntza-arloa, herritarren parte-hartzea eta tokiko bizikidetza.
Hezkuntza-arloa
125.000 euroko zuzkiduraren bidez, irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta ikastetxeek elkarrekin sustatutako proiektuak finantzatzen ditu, belaunaldi berrien artean bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta demokrazia sustatzeko.
Tokiko bizikidetza
Bigarren lerro honek 75.000 euroko zuzkidura du, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta tokiko erakundeek Euskadiko udalerri eta auzoetan kohesio komunitarioa eta elkarrizketa soziala indartzeko sustatzen dituzten gizarte-bizikidetzako proiektuetarako da.
Herritarren parte-hartzea
Hirugarren lerro honek 50.000 euroko zuzkidura du, irabazi-asmorik gabeko erakundeek bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko proiektuetan parte-hartze aktiboa sustatzen duten herritarren elkarte, erakunde edo mugimenduekin lankidetzan garatzen dituzten ekimenak laguntzeko.
Deialdi hirukoitz honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak berretsi egiten du hirugarren sektorearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza aktiboaren aldeko apustua, giza eskubideekin konprometituagoa, bidezkoagoa eta kohesionatuagoa den euskal gizartearen zerbitzura.