Xarxa Vives, Nafarroa, Galizia eta Euskadiko unibertsitateek indarrak batu dituzte Europar Batasuneko (EB) Kontseiluaren aurrean hizkuntza propioak aitortzearen aldeko manifestu bateratu lantzeko. Xarxa Vives (hizkuntza katalanaren hizkuntza eremuko lurraldeak), Universidade de Santiago de Compostela eta Universidade de Coruña, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deusto Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta EUNEIZ unibertsitateek urrats horren garrantzia aldarrikatzen dute, “Batasunaren berezko aniztasunaren aitortza gisa, baita unibertsitate eremuko berariazko hizkuntza eskubide komunikatiboen, askatasun akademikoaren eta sorkuntza zientifikoaren aitortza gisa ere”.
Kataluniako, Valentziako, Balear Uharteetako, Nafarroako, Galiziako eta EAEko unibertsitateen errektoreek babesa adierazi diote Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egin dion eskaerari. Atxikimendu berriak jasotzeko zabalik dagoen manifestuak gogorarazten du estatu espainiarreko 10 herritarretik 4 hiru hizkuntza horietako baten hiztunak direla eta “hiruen artean 13 milioi hiztun aktibo baino gehiago dituztela, EBko gainerako hizkuntza ofizialen batez bestekoaren gainetik”.
Unibertsitateek eskerrak eman dizkiote Espainiako gobernuari EBko Kontseiluan hartutako ekimenagatik, eta Espainiako estatuko ordezkari politikoei babesa emateko deia egin diete “hizkuntzaren auziak irudikatzen duen adostasun sozial zabalarekin bat eginik”.
HIZKUNTZA OFIZALKIDEEN ALDEKO UNIBERTSITATEEN MANIFESTUA
Unibertsitate sinatzaileok* gure babesa eman diogu Espainiako Gobernuak Europar Batasuneko Kontseiluari egindako eskaerari, katalana, euskara eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizialtzat har daitezen. Hizkuntza horiek koofizialak diren lurraldeak Espainiako Estatuko biztanleriaren % 40 dira, eta hiruren artean 13 milioi hiztun aktibo baino gehiago dituzte, EBko gainerako hizkuntza ofizialen batez bestekoaren gainetik. Unibertsitate sinatzaileok berezko hizkuntza horietan gauzatzen dituzte beren jarduera akademikoa eta zientifikoa eta eguneroko kudeaketa, gaztelaniarekin eta EBko beste hizkuntza ofizial batzuekin batera, batez ere ingelesarekin.
Gure ustez, EBko Kontseiluak gure hizkuntza propioen ofizialtasunak batasunaren berezko aniztasuna aitortzen du, bai eta unibertsitate-eremuko hizkuntza-eskubideak, askatasun akademikoaren eskubideak eta sorkuntza zientifikoaren eskubideak ere.