Eustaten datuen arabera, Euskal AEko lan-merkatuari buruzko 2025eko bigarren hiruhilekoko datuek islatzen dute aurreko hiruhilekoan baino 18.900 landun gehiago eta 13.200 langabe gutxiago daudela. 2025eko bigarren hiruhilekoan, langabeen kopurua 61.100ekoa izan da, eta landunen zifra 1.010.400era iritsi da.
Euskal AEko langabezia-tasa % 5,7koa izan da, hau da, 2025eko lehen hiruhilekoan lortutakoa baino puntu bat eta hiru hamarren txikiagoa. Landunen eta langabeen kopuruaren bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa (16 urteko eta gehiagoko biztanleria kontuan hartuta) % 56ra iritsi da 2025eko bigarren hiruhilekoan, eta, beraz, aurreko hiruhilekokoaren berdina izan da.
Lurralde historikoei dagokienez, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, okupazioak gora egin du, eta Bizkaian 9.200 langile gehiago daude, Gipuzkoan 5.100 langile gehiago, eta Araban 4.700 gehiago. Hiriburuen kasuan, Gasteizen 3.900 landun gehiago daude, eta Donostian 2.700 gehiago. Bilbon, berriz, 800 gutxiago daude.
Lurralde historikoei dagokienez, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, okupazioak gora egin du
Landunen kopuruaren igoera gizonen zein emakumeen kasuan gertatu da. Gizonen kasuan, 9.900 landun gehiago daude, eta emakumeen kasuan, berriz, 9.000 gehiago. Nazionalitatea kontuan hartuta, Espainiako nazionalitatea duten landunak 13.800 gehiago dira (% 1,5), eta atzerriko nazionalitatea dutenak, berriz, 5.100 gehiago (% 5,3).
Euskal AEko landunen kopuruak gora egin du zerbitzuen sektorean (13.800 landun gehiago, hots, % 1,9ko igoera), industrian (3.400 gehiago, hots, % 1,7ko igoera) eta eraikuntzan (1.900 gehiago, hots, % 3,3ko igoera). Lehen sektorean, berriz, 300 landun gutxiago daude (-% 3,2).
Okupazio-tasa (16-64 urteko landunek adin horietako pertsonen guztizkoan duten ehunekoa) portzentajezko 1,2 puntu igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 71,9ra iritsi da. Tasa hori % 74,2ra iritsi da gizonen kasuan, eta % 69,6ra emakumeen kasuan. Beraz, aurreko hiruhilekokoa baino portzentajezko 1,0 eta 1,3 puntu handiagoa izan da, hurrenez hurren. 16-24 urteko gazteen kasuan, okupazio-tasa % 29,4tik % 27,7ra jaitsi da, eta, beraz, aurreko hiruhilekokoa baino 1,7 puntu txikiagoa izan da.