Unai Aranzadi dokumentalista, erreportari eta argazkilari getxotarrak astelehenetik abuztuaren 30era arte ikusgai egongo den A Costa dos Lançados erakusketa aurkeztu du Romo Kultur Etxean. Bertan 40 argazki, dokumental bat, mapak, artxibo historikoak eta testu ugariren bidez, Afrika beltzaren lehenengo esplorazioak egin zituzten judu konbertituen historia ezezaguna kontatzen du.

Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak horrelako espazioen alde egin du, memoria historikoari, migrazio-prozesuei eta horien egiturazko kausei buruz hausnartzera gonbidatzen dituzten lanak goraipatuz.

Getxoko Udalak adierazten duen bezala, Senegal, Gambia eta Guinea- Bissauko 2.000 kilometroko bidaia baten emaitza da erakusketa hau. Iberiar penintsulatik kanporatuak izan ondoren, Afrika beltzaren lehenengo esplorazioak egiteko Kanariak eta Cabo Verde base gisa erabili zituzten judu konbertituen historia ezezaguna kontatzen du lanak.

Irudien eta testuen bidez, egileak gertakari historiko hori Kanarietako egungo migrazio-ibilbidearekin lotzen du, "pertsona etsituak ur horietan barrena gaur egun aspaldi bezala aurkitzeak dakarren paradoxarekin, oraingoan kontrako norabidean", nabarmendu du Aranzadik. Migrazio-fenomenoari zuzenean lotutako beste faktore batzuk ere agerian uzten ditu erakusketak, hala nola kolonialismoa, kontsumo-gizartea eta iraganaren eta orainaren esklabotza.

Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, eta UN Etxea elkartearen laguntzarekin, erakusketa hau astelehenetik ostiralera 08.30etik 21.30era egongo da irekita, eta asteburuetan eta jaiegunetan 11.30etik 20.30era.