Planaren zirriborroa osatzeko parte-hartzea
Plana partaidetza-prozesu sakon baten emaitza da, eta euskal gizarteko hainbat eragilek parte hartu dute. Prozesu horretan, eztabaida-taldeak egin dira hiru lurralde historikoetako 23 familiarekin, tailerrak egin dira 12 ikastetxetako 8-14 urteko 30 haurrekin, aurrez aurreko saioak egin dira administrazio publikoetako eta gizarte-erakundeetako 44 ordezkarirekin, eta idatzizko 20 ekarpen egin dituzte hainbat eragile espezializatuk.
Erronkak
Haurtzaroan eta familietan eragina duten trantsizio sozial, demografiko eta ekonomikoei egin behar die aurre Euskadik, eta, horregatik, plan berriari begira, 6 erronka nagusi zehaztu dira:
- Familien egungo aniztasunari erantzutea eta politika publikoak egokitzea, premien aniztasunari erantzuteko.
- Familien eta adingabeen ongizatean eta bizi-kalitatean bilakaera positiboa finkatzea, mugikortasun soziala indartzeko eta pobreziaren belaunaldien arteko transmisioa prebenitzeko.
- Adingabe guztiek beren potentzial handiena garatzeko aukera-berdintasuna izatea ahalbidetuko duten hezkuntza-baldintzak sustatzea.
- Familiei laguntza ematea hazkuntza arduratsua gara dezaten, eta laguntzak dibertsifikatzea familia-egoeren aniztasunari eta kontziliazio-premiei erantzuteko.
- Ingurune seguru eta babesleak sustatzea, adingabeen garapen eta ongizate integrala sustatzeko eta edozein indarkeria-mota prebenitzeko, arrisku digitalak barne.
- Elkarlaneko gobernantzaren praktikak areagotzea, administrazio publikoen, hirugarren sektore sozialeko erakundeen eta haurren beraren arteko lankidetzaren bidez.
"Eusko Jaurlaritzak ongizate kolektiboaren eragile aktibo eta gure gizartearen funtsezko zutabe gisa onartzen ditu familiak, beren potentzial hezitzaile, babesle eta afektiboagatik. Euskadin familia-eredua duela urte batzuk zena baino askoz zabalagoa da, eta horrek gizarte aberatsagoa eta anitzagoa bihurtu gaitu. Era berean, familia balioen transmisioaren muina izaten jarraitzen du, eta, horren ondorioz, guretzat lehentasunezko kolektiboa da gure begirada zuzentzeko ", azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.
Berritasunak
Plan honek dokumentu bakar batean bateratzen du hurrengo bost urteetan haur, nerabe eta familiako politika publikoak gidatuko dituzten estrategien ezarpena. Era berean, ikuspegi dinamikoa eta malgua planteatzen du, plan hori urtero ebaluatu eta berrikusiko baita, partaidetzarekin.
Udalak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako sailak orientatzen eta koordinatzen dituzten jarraibideak jasotzen ditu, haien konpromisoa sustatzeko eta haien jarduna lerrokatzeko lehentasun eta jarraibideekin.
Nabarmentzekoa da V. Plana 34 jarduera-ildoren inguruan egituratzen dela, eta horiek 17 trakzio-neurri berritzaileren eta 78 ekintza espezifikoren bidez garatzen direla.
Trakzio-neurri nabarmenen artean honako hauek daude: ardurapeko seme-alaba bakoitzeko hileko 200 euroko zuzeneko laguntzaren epea luzatzea, guraso bakarreko familientzako berariazko dekretu bat egitea edo 2030erako Euskadiko Haur Bermearen Estrategia hedatzea.
Neurri horien artean sartzen dira, halaber, Kontzilia komunitatea indartzea (kontziliazioarekin konprometitutako enpresek eta kooperatibek osatutakoa), baimen berdinak eta besterenezinak dituzten aitatasun eta amatasun-baimenak zabaltzea, Haurreskolen eskaintza zabaltzea edo Haurren eta Nerabeen Foroa sortzea, politika publikoetan parte hartzen dutela bermatzeko.
Era berean, trakzio-neurri gisa, sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta integrala eta espezializatua emateko zerbitzua abian jartzea eta Haurren eta Nerabeen Behatokia sortzea azpimarratu behar dira.
"Plan honen helburua da nahi duen gazte bakoitzak emantzipatu ahal izatea, hala erabakitzen badu familia bat osatzea eta seme-alabak ongizate-bermeekin haztea. Erantzunkidetasun soziala eta instituzionala sustatzen ditu, Euskadirentzat etorkizun bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko oinarri gisa, familia guztiak gure gizartearen funtsezko zutabe gisa aitortuz "azpimarratu du Nerea Melgosa sailburuak.
Dokumentuaren azken baliozkotzea Familien Euskal Kontseiluarekin eta Haur eta Nerabeen Kontseiluarekin egingo da, eta Planaren hartzaile nagusien ahotsak behin betiko diseinuan entzun eta kontuan hartuko direla bermatuko da.