Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Loiola auzoko Lorategi Hiriaren esparruan 98 etxebizitza babestu sustatzeko. Eusko Jaurlaritzari babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza aktibatzeko bi udal-partzela doan lagatzeko akordioa sinatu dute Eneko Goia alkateak eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak. Ekitaldia Loiolako Lorategi Hiriko hirigintza-esparruaren erdi-erdian izan da, eta beste urrats bat irudikatzen du Gipuzkoako hiriburuan etxebizitza eskuratzeko krisiari aurre egiteko instituzioen arteko konpromisoan.

Eragiketa Visesa sozietate publikoaren bidez egituratuko da, bere 2026ko Programa Kontratuan jaso duenez: araubide orokorreko babes sozialeko 63 etxebizitza eta araubide autonomikoko 35 etxebizitza tasatu. 4. eta 5. partzelak guztira 2.700 m²-ko azalera dute eta Lorategi Hiriko hirigintza-garapenaren erdigunean daude. Udala urbanizazio-obrak egiten ari da dagoeneko bertan, eta ingurumena errespetatuko duen garapena aurreikusi da, energia-efizientziako eta kontsumo ia nuluko irizpideak lehenetsita. Sustapen honen obra 2026aren erdialdean hastea aurreikusi da, garabiak hiriarentzat giltzarria den beste garapen batera iristearekin batera: Loiolako Erriberako zuzkidura-bizitokiak.

Etxebizitza eskuratzeko konfiantza berreskuratzea

Ekitaldian, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak akordio honen garrantzia nabarmendu du, Donostian etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko bultzada estruktural baten parte gisa, eta, errekonozitu duenez, “sinadura honekin konpromiso politiko sakon bati jarraipena ematen diogu”. Gainera, azpimarratu duenez, “Donostian bizitzea berriro posible izango da gaur egun alternatiba eskuragarririk ez izateagatik bizitegi-merkatutik kanporatuta daudenentzat”. Era berean, hau nabarmendu du: “hirian hedatzen ari garen etxebizitza babestuaren proiektu handinahiaren piezetako bat baino ez da Lorategi Hiriko jarduketa”. Itxasoren hitzetan, “gure gain hartu dugu 1.350 etxe baino gehiago eraikitzea, etxebizitza duina izateko eskubidea ezin baita oztopo-lasterketa izan klase ertain eta langilearentzat, eta are gutxiago donostiarren belaunaldi oso baten garapen pertsonal eta profesionalerako oztopo”.