Lurraldebusek Gaintxurizketan (Lezo) izango dituen geraleku berriak datorren astelehenean jarriko dira martxan, uztailaren 28an, espazioak egokitzeko lanak amaitu ondoren, Azahara Dominguez Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez.
Perrene auzoan Muebles Rey parean (Hondarribirako norabidean) eta Errekalde bailaran Euskotrenen geralekutik metro gutxira (Donostiarako norabidean) dauden geralekuek E20 (Hondarribia-Donostia), E26 (Irun-Donostia N-I), E27 (Hondarribia-Donostia N-I) eta E77 (Hondarribia-Donostia gaua) lineei emango diete zerbitzua. Gainera, GI-636 errepidearen gainean jarri den oinezkoentzako pasabidera sarbidea izango dute.
Horela, inguruko bizilagunek sarbide segurua duten geralekuak izango dituzte GI-636 errepidean, eta ez dute bi kilometroko itzulingurua egin beharrik izango beren etxeetara sartu ahal izateko edo hiru erreiko bidea zeharkatzeko. Gipuzkoan ezbehar tasa handiena duen errepideetako bat da.
"Lezoko alkate Mikel Arrutirekin eta Gaintxurizketako herritarrekin hartu genuen konpromisoari erantzunez, geltoki berri hauek jarri ditugu martxan, inguruan eskaintzen dugun Lurraldebuseko zerbitzuan jauzi kualitatibo bat emanez, hemendik aurrera herritarrentzako sarbide seguru eta erosoagoa izango baitute eta Euskotrenekiko intermodalitatea ere hobetuko baitute", esan du Dominguezek.
Geltoki horiek gehituta, herritarrek "garraio publikoko zerbitzu hobea" izango dutela nabarmendu du, "segurtasuna, erosotasuna eta intermodalitatea irabazten baitute".
"Horrelako jarduerak funtsezkoak dira gipuzkoarren artean garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitzeko, inork ez dezan bere bizitza garatzeko ibilgailu pribatu bat eduki behar. Modu honetan, aukera berdintasuna bermatzen dugu herritar guztien artean", azaldu du.