Mañariko (Bizkaia) Hontza Natur Zientzien Museoak hamar urte bete ditu eta Euskal Herriko neandertalen eta hartzen arrastoak ezagutzeko hitzaldiak antolatu ditu ostegunean maiatzaren 18rako, Durangoko Kurutzesantu Museoan, adituen eskutik, 19:00etan.

Gainera, larunbatean eta igandean, maiatzaren 17an eta 18an, doan sartu ahalko da Mañariko museora bertako biodibertsitatearen aniztasuna ezagutzeko, Hontza museotik adierazi dutenez.

Bada, 'Neandertalak Euskal Herrian, azkenengo aurkikuntzak Bizkaian' izenburupean, Asier Gomez Giza Eboluzioan espezializatutako doktore eta paleontologoak Bizkaian neandertalei buruz izan diren azken aurkikuntzei buruz hitz egingo du.

Aztarnategi eta teknika berriek duela 430.000 urte agertu eta duela 40.000 urte desagertu zen neandertalen inguruko informazio berri baliotsua eskaini dute: 1967an Dimako Axlor azternategian aurkitutako hiru giza fosilen azterketak datu interesgarriak azaleratu ditu, eta Karrantzako Polvorin kobazoluan egindako indusketa berriek giza fosil garrantzitsuen identifikazioa ere ahalbidetu du, Euskal Herrian gaur egunera arte aurkitu den neandertalen fosilen kopururik altuena izanik.

Bestalde, Monica Villaba de Alvarado historiagile eta paleontologoak kobazuloetako hartzen bilakaera zein izan dan azalduko du 'Durangaldea, tierra de osos. Evolución, espécies y extinción de los oso en Euskal Herria' izenburuko hitzaldian.

Hain zuzen, Mañarian bertan dagoen Askondoko haitzuloa oso aberatsa da gaian sakontzeko, hezurdura osoaren hondarrak ugari direlako eta kontserbazio egoera ezin hobea delako. Bere fosilek azken 50.000 urteetako haitzuloetako hartzak nolakoak ziren zehazki ezagutzeko aukera ematen dute.